Ikasturtea aurrez aurreko arreta emanez hasiko dute irakasle eta ikasleek. Halaxe baieztatu zuen atzo goizean Carlos Gimeno kontseilariak Nafarroako Gurasoen Mahaia osatzen duten guraso elkarteetako ordezkariekin izandako bileran.
Herrikoa, Concapa, Britila, Fapacena, Sortzen eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko guraso elkarteek parte hartu zuten eta bertzeak bertze, jangela eta garraio zerbitzuak mantentzeko eskatu zizkioten hezkuntza arduradunei, baita eskolak hasi aitzinetik zenbait ikastetxetan ematen duten zerbitzua mantentzeko ere. Bileran ikasleei test serologikoak egiteko aukera ere mahai gainean paratu zuten eta behin baino gehiagotan nabarmendu zuten, kasu positiborik izanez gero, berrogeialdia egin beharko litzatekeen kasuetan, lana eta familia bateragarri egiteko erraztasunak bermatzeko eskaera.
Gimenok, bere aldetik, nahiz eta hasieran bertzelakoa adierazi, Kontigentzia Planean aurreikusia duten bigarren egoeran ere jantoki zerbitzua mantenduko dutela berretsi zuen. Horrekin batera, garbitasuna indartzeko aitzineko ikasturtean baino lau milioi euro gehiago bideratuko dituzte, eta garraio zerbitzurako ere inbertsio handiagoa eginen duela azaldu zuen Gimenok. Jangeletako zaintzaile kopurua igotzeko asmoa dute eta eta prebentziorako eta higienea zaintzeko materiala ere banatuko dute eskoletan: manparak, panelak, gel hidroalkoholikoak, xaboiak... Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik goitiko ikasleen kasuan, online bidezko irakaskuntza bermatzeko informatika-ekipamenduak erosiko omen dituzte. Sare publikoan ez ezik, inbertsio horiek itunpeko ikastetxeetan ere eginen dituzte, baita beharra dutenen artean ere.
Bertzalde, agerraldiak izanez gero, familia batzuek euren seme-alabak ikastetxetik erretiratzeko aukeraren inguruan galdetu zuen atzoko bileran guraso elkarte bateko ordezkari batek. Horren harira, Gimenok, gurasoen erabakia errespetatuz, ikasle guztiek ikastetxeetan tokia dutela nabarmendu zuen. Horrekin batera, ikasgeletan segurtasuna bermatzeko lan eginen dutela eta absentismoaren kontrako deia egin zuen.
Guraso elkarteek, berriz, ikasleen egoera emozionala kontuan hartzeko eskatu zuten eta D ereduko ikasle aunitzek aurrez aurreko eskolarik gabe euskararekin izan ditzaketen zailtasunaz ere aritu ziren. Ikasle kopuru murriztuarekin bada ere, guraso elkarteek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko ekintzak mantentzeko eskaera ere luzatu zuten.
Gaur ikastetxe publikoetan ordezkaritza duten sindikatuetako kideekin bilduko dira Hezkuntza Departamentuko ordezkariak. Aipatu behar da irakaskuntza publikokoan ordezkaritza duten LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzea eta prentsaurrekoa eginen dituztela gaur, 10:30ean, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, «Nafarroako Irakaskuntza Publikoren Kalitatea Hobetzeko Ituna batetzeko aldarrikatzeko».