U30 Greba Orokorra

Ortzeguneko greba egunari begira, goizean kotxe karabanak eta arratsaldean manifestazioak deitu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 28a, 09:30
Abenduan eskualdeko hainbat lagunek grebarako deialdia egin zuten.

Lan-baldintza, pentsio eta bizitza duina aldarrikatuz ortzegun honetan egitekoa den greba orokorra dela eta, hainbat mobilizazio antolatu dituzte eskualdean. Goizean, erraterako, Beratik Elizondora eta Leitzatik Aresora kotxe karabanak eginen dituzte, eta arratsaldean, manifestazioak deitu dituzte: Donezteben 17:00etan eta 18:00etan Leitzan.

Ortzeguneko greba orokorrak erantzun «zabala» izatea espero duela adierazi dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek —ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta EHNE— eta helburu horrekin antolatu dituzte mobilizazioak.

Ttipi-Ttapak hartzen duen Hego Euskal Herriko eremuan, eskualdeko hainbat greba batzorde aritu dira greba egunerako prestaketa lanetan. Baztan-Bidasoaldean, erraterako, Malerreka-Bertizaranako, Bortzirietako eta Baztango batzordek ortzegunerako hainbat hitzordu prestatu dituzte eta gauza bera egin du Leitzako greba batzordeak. Eguerdian, hala ere, 12:00etan Iruñean egitekoa den manifestaziora joateko deia egin dute.

Baztan-Bidasoaldean

  • 07:45ean elkarretaratzea eginen dute Behobian.
  • 09:00etan Beratik Elizondora kotxe karabana antolatu dute. Botxoko aparkalekutik abiatuko dira.
  • 13:00etan herri bazkaria eginen dute Elizondon. Joan nahi dutenek jatekoa eraman beharko dute eta han elkarbanatzeko aukera izanen dute.
  • 17:00etan manifestazioa hasiko da Donezteben. Avia gasolindegiaren parean zehaztu dute hitzordua eta Santa Luzia plazan emanen diote akabaila, ekitaldi batekin.

Leitzaldean

  • 09:00etan Leitzako plazatik abiatuta kotxe karabana eginen dute Aresora joan eta buelta.
  • 10:00etan gosaltzeko bilduko dira plazan.
  • 11:00etan Iruñera elkarrekin joateko plazan geldituko dira.
  • 18:00etan manifestazioa hasiko da plazan.
  • Egun osoan prekarietatearen inguruko panel informatiboa paratuko dute plazan.

Eragileen arteko elkarlana

Batzorde horietan hainbat eragile bildu dira. Bortzirietako batzordean, adibidez, emakumeen mugimendua, Ernai, Pentsionistak Martxan, LAB eta hainbat herritar bildu dira; Malerreka-Bertizaranan emakume taldea, LAB, Ernai eta herritar batzuk elkartu dira greba batzordearen bueltan; Baztanen Pentsionistak Martxan, emakume taldea, Ernai, LAB eta gaztetxekoak aritu dira elkarlanean eta Leitzan ELA, LAB, Pentsionistak Martxan, Ernai, Gazte Asanblada, Sastrakak talde feminista, Ikasleok Borroka taldea eta Ikasle Abertzaleak.

Horiez gain, bertze hainbat entitatek egin dute grebarekin bat. Joan den astean Baztango Udalak adierazi zuen grebarekin bat egiteko asmoa eta Berako Udalak ere bere atxikimendua adierazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun