Grebarako deialdi ofiziala kartako kide diren sindikatuek egin dute: ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek, EHNEk eta Hiruk. Baina hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin, hala nola, ikasle mugimenduak, Ernaik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak, SOS Arrazakeriak, Sustrai Eraikuntzak... Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez deitu dute greba. Bi urte daramatzatelako karrikan, astero mobilizatzen, eta «jauzi kualitatibo bat emateko beharra» planteatu dutelako, «borroka horretara bertze kolektibo batzuk biltzeko deituz». Eskualdean ere greba batzordeak sortu dituzte, tartean, Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan batzorde bana. Astero biltzen direla jakinarazi dute eta parte hartu nahi duenarentzat ateak zabalik dituztela.
«Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan jauzi bat ematea beharrezkoa» iruditzen zaielako deitu dute greba eta «konbentzimendu hirukoitza» dutela oroitarazi dute: «pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bertzetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbertzekoa da; azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira».
Argi dute «bertzelako eredu sozio-produkitboa eraiki» behar dela, «bizitza erdigunean jartzeko, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez». Eredu horren ardatz nagusiak, bertzeak bertze, «sektore publikoaren lidergoa, aberastasunaren birbanaketa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normaltasuna eta lurraldeen arteko oreka» direla azpimarratu dute. Gisa berean, «krisiaren aitzakian azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jarri» nahi dizkiete, eta horretarako hainbat aldarrikapen egin dituzte. Alde batetik, 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea eta horren barne, erretiroa 65 urterekin hartzea eta 30 urte kotizatua izanez gero, erretiro aurreratua 61 urterekin hartu ahal izatea eskatzen dute, eta pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontuan.
Pentsioen inguruan, 1.080 euroko gutieneko pentsioa eskatu dute eta aldi berean, Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea, «herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenesteko» edo «lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzeko».
Enpleguari eta pentsioei lotuta, bertzelako eskaerak egin dituzte: gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzea, hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata, lanaldia 35 ordura jaistea soldata murriztu gabe, etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea...