U30 Greba Orokorra

Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba

Gurutze Pikabea 2020ko urt. 26a, 10:00
Abenduan eskualdeko hainbat lagunek grebarako deialdia egin zuten.

Lan-baldintza, pentsio eta bizitza duina aldarrikatuz Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba deitu du urtarrilaren 30erako. Eskualdean hainbat mobilizazio antolatu dituzte greba batzordeek, horien artean, Donezteben eta Leitzan manifestazioak eginen dituzte arratsaldez

Greba egiteko «hamaika arrazoi» daudela iritzita, «karrikara atera» eta «eskubideak aldarrikatzeko» deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Urtarrilaren 30ean jarria dute lan-baldintza, pentsio eta bizitza duinen aldeko hitzordua Karta Soziala osatzen duten sindikatuek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, EHNE eta Hiru) eta eragileek (pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte taldeak, bazterketa sozialaren aurkako taldeak...).

 

Eskualdean ere lanean ari dira eta greba batzordeak sortu dituzte. Bortzirietan emakumeen mugimendua, Ernai, Pentsionistak Martxan, LAB eta hainbat herritar bildu dira batzordean; Malerreka-Bertizaranan emakume taldea, LAB, Ernai eta herritar batzuk; Baztanen Pentsionistak Martxan, emakume taldea, Ernai, LAB eta gaztetxekoak eta Leitzan ELA, LAB, Pentsionistak Martxan, Ernai, Gazte Asanblada, Sastrakak talde feminista, Ikasleok Borroka taldea eta Ikasle Abertzaleak.

 

Mobilizazioak

Greba egunerako mobilizazioak prestatu dituzte. Leitzan, 09:00- etan, kotxe-karabana eginen dute Herriko Plazatik abiatuta, Aresora joan eta buelta. Eta eguerdian Iruñean eta arratsaldean eskualdean eginen diren manifestazioetara joateko deia luzatu dute. Baztan-Bidasoaldean, Donezteben izanen da, 17:00etan, Avia gasolindegitik abiatuta; Leitzan 18:00etan hasiko da Herriko Plazan.  

 

Pentsiodunei erantzunez

Pentsiodunen eskaerari erantzunez antolatu dute greba, haien borrokari bertze kolektibo batzuk gehituz eta gisa honetara, pentsiodunen aldarrikapenei enpleguari eta eskubide sozialei lotutakoak gaineratuz. Hala baieztatu dute Asier Calderon (Bera) Baztan-Bidasoaldeko LABeko arduradunak eta Iñaki Zabaleta (Leitza) ELAko ordezkariak. «Pentsiodunek bi urte daramatzate astero mobilizatzen eta horri tiraka beste pauso bat emateko eskatu zuten. Karta Sozialak horregatik deitu du greba», dio Zabaletak. Calderonek gaineratu digunez, «duela urte batzuk ezarri zituzten murrizketak ahantzi gabe, krisiaren aitzakian etor daitezkeen neurrien aitzinean eta pentsiodunen borrokaren osagarri, urrats ofentsibo bat egiteko unea da».

 

Aldarrikapenak

Leitzarrak hiru multzotan banatu ditu grebarako arrazoiak azalduz Karta Sozialak osatu duen neurrien zerrenda: «pentsioei, lanari eta eskubide sozialei lotuak dira». Pentsioen inguruan, bertzeak bertze, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dute. «Hori ez da estatuari bakarrik eskatu dakiokeena. Nafarroako Gobernuaren esku dago ere badago», azaldu du Zabaletak. Lanaren arloan, 1.200 euroko gutxiene- ko soldata, generoaren araberako soldata arrakala amaitzea eta 35 orduko lanaldia eskatzen dituzte. Eskubide sozialei lotuta, «alokairu sozialeko etxebizitzak bermatzeko eta menpekotasuna dutenen aldeko edo prestazio sozialen inguruko aldarrikapenak» egin dituzte. Beratarrak «bertako sistema eta marko laboral propioa izateko eskaerak» gehitu ditu.

«Bizitzarekin zerikusia duten hainbat arlotako greba» izanen dela aipatu du ELAkoak: «laneko greba, zaintzarena, pentsiodun, ikasle eta langabeena eta kontsumo greba izanen da». LABekoak «erantzun ona» izatea espero du: «batzordeek sindikatuok presentzia dugun lantokietatik haratago bertze eragile sozialetara ailegatzeko balio izan dute eta zaila iruditzen zait halako aldarrikapenekin bat ez egitea». Argi du gobernuak mugiarazteko gakoa «karrikan presioa egitea» izanen dela eta hortik etorriko direla lorpenak: «gobernuek zerbait egitekotan, hori presio sozialaren eta langileriaren mobilizazioen bitartez izanen da». Hala, greba tresna eraginkorra izanen dela sinetsita daude.

 

Aldarrikapen nagusiak

  • Neurri murriztaileen aurka: erretiroa 65 urterekin; 30 urte kotizatuz gero erretiro aurreratua 61ekin...
  • Diru-sarrera duinak: Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa eta soldata 1.200 eurokoa izatea.
  • Soldata arrakala amaitzea: Gizonezkoen eta emakumezkoen soldata eta pentsioetan dagoen aldearekin akitzea.
  • Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata murriztu gabe.
  • Azpikontratazioetan lan-baldintzak bermatzea.
  • Zigorrik gabeko pentsioak.
  • Zerbitzu publikoak garatzea.
  • Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea.
  • Eskubide sozialak: Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta errenta bermatua gutxieneko soldataren parekoa izatea.
  • Menpekotasuna dutenei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa bermatzea.
  • Alokairu sozialeko etxebizitza eskubidea bermatzea.
  • Lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioa izatea.

 

Greba deialdiarekin bat eginen duzu?

Aide Txokarro Ezkurra

Irakaslea • Narbarte, 1994

«Ea aldaketa gure esku dagoela sinisten dugun»

«Gaizki» ikusten du jendartea, «gutxi batzuen mesedetan masa akritiko bezala funtzionatzen duelako, erabat manipulagarria». Hori «lan eskubideak urratuz, ustezko bizitza duina mehatxa- tuz» lortzen dutela dio, eta «ezin dela bizitza duintzat hartu». Argi du pentsioak «egonkortzeko» lan baldintzak «hobetu» behar direla eta bizitza duinak «zapalkuntzarik gabea» behar duela. Greba «beharrezkotzat» jo du: «gaur borrokatzen ez duenak bihar ez dezala negar egin. Ea jendarteak aldaketa gure esku dagoela sinesten duen».

 

Maite Oteiza Apezetxea

Irakaslea • Irurita, 1966

«Arazoa oraingoena eta etorkizunekoena da»

«Pentsio baxuak, gehienbat andreen kasuan, jubilatzeko gero eta baldintza zorrotzagoak, gero eta aberats eta behartsu gehiago eta bien arteko tartea gero eta handiagoa...». Egoera «gaizki» ikusten du eta argi du «arazoa ez dela egungo pentsionistena bakarrik; denona da, oraingoena eta etorkizunekoena». Klase politikoa «herriarengandik urrun» dagoela dio, eta garbi du «denok bat egin beharko genukeela, presioa eginez zerbait lortzeko». Hortaz, grebak «erantzun ona edo bikaina» izatea espero du.

 

Esteban Arozena Mitxelena

Pentsioduna • Goizueta, 1956

«Estatu mailako greba izan beharko luke»

Grebaren alde dago, batez ere, «pentsio murritzak izanik zailtasunak dituztenei babesa» adierazteko. Baina «pena» du «Euskal Herrira mugatua» delako: «estatuko arazoa denez estatu mailakoa behar luke». Onartu digu «aspertu» dela «pentsio-funtsa bukatu dela eta lanean daudenek pentsioak ordaintzeko adina sortzen ez dutela aditzeaz. Zein baldintzatan ari dira? Zergatik sortu behar dute pentsioetarako dirua? Tanke eta abioiak estatuko aurrekontu orokorretatik ordaintzen badira, pentsioak zergatik ez?».

 

Miren Mitxelena Etxeberria

Erizaina • Igantzi, 1985           

«Gizarteari lanerako kontzientzia falta zaio»

Lan, pentsio eta bizitza duina lortzeko «zer hobetua» ikusten du eta bere hurbilean, Osasun Publikoan, «kontratu aldetik hobetzeko aunitz» dagoela dio. Aldi berean, «eskubideak beharrezkoak» direlakoan dago, «baina betebeharrez ahantzi gabe». Lanerako «kontzientzia falta» omen da: «Gizartea eroso bizi da. Gure belaunaldiak gehiena egina hartu du eta gutti dira euren kontu zerbait egitera ausartzen direnak eta zerbait lortzea zenbat kostatzen den ohartzen direnak». Mitxelenak ez du grebarik eginen.

 

Olatz Juanena Saez

Merkataria • Doneztebe, 1988

«Pentsiodunak egoera larrian daude»

Bere hitzetan, «pentsioak eta pentsiodunak egoera larrian daude eta urteak daramatzate borrokan». Gehiago ere bai: «Lan eta bizi baldintzak gero eta okerragoak dira eta gaur egungo eskubide sozialak ez dira nahikoak». Dioenez, «gizartea gero eta kontzienteago da geldirik geldituta, ez dela deus ere lortuko». Horregatik grebak «erantzun ona» izatea nahi luke. Gaineratu digunez, «familian pentsiodun ugari ditut eta beraien eskubideen alde borrokatu nahi dute».

 

Joseba Indabere Otxandorena

Altzairugintza • Legasa, 1977

«Gizartea haserre eta nekatua dago»

«Kapitalismoak gizarte kohesio- natua eta erreibindikatzailea aurrean izatea exijitzen» duela iritzita bat egin du grebarekin. Gizartea «haserre eta nekatua» ikusten du, «azken aldian politikariek patronalarekin lerrokatuta egin eta egiten dizkiguten politika antisozialak soilik elitearen interesekoak» direlako. Eskualdean «iniziatiba eskasa» dela badio ere, «batzordeak martxan daudenez, erantzuna ona izatea» espero du. «Etorkizuna gure esku izan dadin, animatu greban parte hartzera».

 

Joxerra Intxausti Beristain

Merkataria • Leitza, 1960

«Egoera tristea da eta greba beharrezkoa»

«Tristea» bada ere, egoera zein den ikusita, greba «beharrezkoa» iruditzen zaio. «Ez dago eskubiderik», dio. Bera bezala autonomoak direnen etorkizuna «are okerragoa» dela uste du: «bizitza osoa lanean pasatu eta jubilatzeko garaia ailegatzeko beldurrez, batzuk enpresetan sartzeko aukeren bila ere bai, hilabete bukaerara ailegatzeko adina ez duten jubilatuak ikusten direlako». Hortaz, greba eginen du eta «inguruan jarraipen handia» izanen duelakoan dago ,«kontu serioa delako».

 

Arrate Leizeaga Unsain

Merkataria • Zubieta, 1989

«Zerbait lortzekotan denok batera behar du»

«Krisia aitzakiatzat hartuta asko borrokatuz nahiko izan ez diren eskubideak egunetik gauera kendu dizkigutelako egoera itsusi» dago bere ustez eta bat egin du grebarekin. Gizartea «menperatua» eta «bizi-baldintza duinetik urruti» dagoela dio, «lanaren esklabo, beti lanean eta kalkulagailua eskuan». Grebak «izugarrizko eragina» izatea nahi luke, baina «ziur nago ez dela hala izanen. Urruti ikusten dut fundamentuzko plantoa». Berak argi du: «zerbait lortzekotan, denok batera behar du».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun