Azken hamar urteotan goiti egin du biztanleriak eskualdean; %10 igo da zehatz errateko. Bereziki Sara eta Senperek izan duten igoera nabarmenaren ondorioz gertatu da hori. Duela hamar urteko datuak eta oraingoak kontuan hartuta, Saran %17,9 eta Senperen %36,6 hazi da biztanleria. Bertze udalerri gehienetako datuak, ordea, hagitz bertzelakoak dira.
Goiti eta beheiti
Ttipi-Ttapak hartzen duen eremuko 27 udalerrietatik 16tan guttitu da biztanleria eta batzuetan nabarmen gainera. Arano, Beintza-Labaien, Ezkurra, Goizueta eta Oizko kasuak dira aipagarrienak: %14,70, %12,02, %14,77, %11,88 eta %22,93 egin dute beheiti hurrenez hurren duela hamar urtetik honat. Maila apalagoan bada ere, bide bera hartua dute Eratsunek (%7,31), Bertizaranak (%7,04), Urrozek (%6,73), Urdazubik (%6,58), Elgorriagak (%5,19), Arantzak (%4,07), Saldiasek (%3,33), Baztanek (%2,64), Aresok (%2,48), Etxalarrek (%2,19) eta Lesakak (%1,58).
Sara eta Senpereren hazkundetik urruti daude biztanlerian goiti egin duten gainerako udalerriak. Donezteben %8,18 hazi da biztanleria azken hamar urteotan, Iturenen %4,78, Sunbillan %3,71, Beran %2,20, Igantzin %1,30, Leitzan %0,76, Zubietan %0,64 eta Donamarian %0,47. Zugarramurdi da duela hamar urteko biztanleria kopuru bera duen bakarra.
Eskualdeko 16 udalerritan beheiti egin du biztanleriak
Baztan eta Bertizarana
Baztango hamabortz herriek udalerri bakarra osatzen dute eta gauza bera Bertizaranako hirurek. Udalerri gisa kontuan hartuz, beheiti egin dute biek. Eta Bertizaranaren kasuan, hiru herrietako martxa horixe da. Azken bortz urteotako datuei erreparatuz, Oieregin (%23,53), Legasan (%4) eta Narbarten (%0,38) jautsi da populazioa.
Baztanen kasuan, herri gehienetan egin du beheiti biztanle kopuruak: Gartzainen (%14,03), Almandozen (%12,98), Amaiurren (%8,83), Lekarozen (%6,49), Oronoz- Mugairin (%6,33), Berroetan (%5,93), Arizkunen (%5,26), Iruritan (%4,20), Zigan (%2,58), Elizondon (%2,32) eta Erratzun (%1,27). Gainerako lau herrietan, ordea, hazi egin da: Elbeten (%6,47), Anizen (%2,70), Azpilkuetan (%2,20) eta Arraiozen (%1,67).
Haundiak haundi, ttikiak ttiki
Oro har, haundiak haundi eta ttikiak ttiki. Hori da joera eta datuak dira lekuko. Salbuespenak salbuespen, herri ttikietan biztanleria jausten ari da urtetik urtera eta hori «tamalgarria» da Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariaren ustez. «Mundu mailako» joera dela dio: «azken hamarkadetan hirien populazioak nabarmen goiti egin du eta munduko populazioaren %54 inguru hirietan bizi da; Europan portzentaje hori %75ekoa da. Nafarroaren kasuan, populazioaren %54a Iruñerrian bizi da».
Gure eskualdean gertatzen ari dena «Nafarroa mailako prozesuaren antzekoa» dela uste du Elizaldek: «herri kozkorrek haunditu edo guttienez, egonkortzeko joera dute, herri ttikiek galdu duten heinean. Halere, Baztan-Bidasoaldean eta Larraun-Leitzaran mailan populazioa mantendu da azkeneko urteetan». Nafarroan «egoera kezkagarriena» duten eskualdeak «Pirinioak, Aurrepirinioak eta Lizarraldea» direla kontatu digu, «baita Malerrekako herri ttikiak ere». Eta joera horren gibelean «faktore ekonomikoak eta sozialak» omen daude. Bereziki «kezkagarria» iruditzen zaiona «azken urteotan gehienbat gizarte mailan izan den aldaketa da. Orain urte batzuk ohikoa zen herrian bizitzeak eskaintzen dituen lasaitasuna, jendearen arteko harremanak edo ingurumena aintzat hartzea. Gaur egun, herrietako bizimodua baloratzerakoan, hirietan erabiltzen diren adierazleak kontuan hartzen ditugu, gure herrietara egokitzen ez direnak».
«Neurtezina da herri ttikien ekarpena»
Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko kontseilaria
Errealitatearen bi aurpegiak
Herri batetik bertzera egoera aldatu egiten da. Herri batzuk «bizi haundikoak eta eredugarriak» direla azpimarratu du kontseilariak. Eta horren adibide, «Lekarozen, familia batzuk eskola berriro irekitzea» lortu izana eta «Etxalarren Karmen Etxalarkoa pastoralaren inguruan egindako lana» aipatu ditu. Lantzeko kasua ere mintzagai izan du: «urte batzuez estatuko 5.000 biztanle baino guttiago duten herrien artean jaiotze-tasarik haundiena lortu du, herriko hainbertze gaztek bertan bizitzea erabaki baitzuten. Eredugarria benetan».
Baina bertzelako kasuak ere badira eta beretako «gogorra da eskola edo herriko denda itxi eta herritarrek zerbitzuak eskuratzeko kotxea hartu behar dutela ikustea». Bertze batzuetan, «gazteek hirira alde egin dute, ikastera edo lanera, eta herrian adineko jendeak baino ez dira bizi eta hainbat etxe hutsik gelditu dira».
Bata zein bertzea «errealitate beraren bi aurpegiak» direla dio eta horren aitzinean, «herritarrek herri ttikietan bizitzeko baldintza egokiak sortzeko gai» izan beharko luketela dio. Baina argi du: «hori ez da soilik administrazioaren ardura, herritarrena ere bada, gauzak aldatzeko gai garela sinetsi behar dugu».
Erronkak eta aukerak
Herri ttikiek aitzinera egiteko «gazteek bertan bizitzeko eta lan egiteko apustua egitea» garrantzitsua da Elizalderen irudiko: «orain dela hamarkada batzuk industrializazioak aldaketa haundiak sortu zituen Nafarroan, eta bereziki gure eskualdean. Fabriketan hainbertze lanpostu sortu ziren eta gainera, bizitza osorako». Egun, ordea, «eredu hori ez da baliagarria» kontseilariarentzat, eta «gazteek aukera berriak bilatu» behar dituztela dio: «lehen sektorean eta zerbitzuen alorrean. Egoera berrietara egokitzeko ekintzailetza bultzatu behar dugu». Bide beretik, herri ttikiek «alde on aunitz» dituztela dio: «herrietan bizitzeak dituen abantailak aintzat hartu eta herritarrok harro sentitu beharko genuke».
Bertzetik, «guttieneko zerbitzu publikoak bermatu» behar direla gaineratu du. «Baina hori lortzeko eskualde mailako ikuspegiaz ari behar dugu, bideragarriak izan daitezen». Zerbitzuen harira, «azken urteetan herri kozkorretan zentralizatu direla» onartu du: «agian bertze banaketa moduak bilatu beharko genituzke herrien arteko zerbitzuak osagarri bilakatzeko».
Hiriak vs herriak
Politikak hirietan egiten direla kritikatu izan zaie maiz politikariei. Eta iritzi berekoa da Elizalde: «politikaren bilakaerak azkeneko urteetan gizarteak izan duen bilakaerarekin bat egiten du. Orokorrean, gizartea bera gero eta urbanoagoa da. Maiz herri ttikietan bizi garenok aski bizimodu hiritarra izaten dugu eta sarritan politikarien erabakiak fenomeno horren lekuko dira».
Herri ttiki eta hirien artean desoreka haundia dagoen galdetuta, berriz, honela dio: «zenbaki haundiak kontuan hartzen baditugu segur aski bai, hau da, populazioa, jarduera ekonomikoa, zerbitzu publikoen eta pribatuen kontzentrazioa...». Baina «bertze adierazle batzuk» kontuan hartuta, «aldea ez da hain nabaria» kontseilariaren iritziz: «herri ttikiek eta landa eremuek gaur egun neurtu gabeko ekarpenak egiten dituzte, bizi kalitateari eta ingurumenari lotuak». Bertzalde, desoreka aipatzea baino «osagarritasunaz» aritzea «egokiagoa» omen da: «Nafarroako eskualdeen arteko oreka lortzeko ezinbertzekoa da hirien eta herrien arteko elkarlana bulkatzea, eredu jasangarria osatuz». Bide horretan kokatu du urtarril hondarrean Nafarroako Parlamentuak onartu zuen Nafarroako Udal Maparen erreforma: «lege horrekin udalerriz gaindiko eskumenak bideratzen dira, tokiko mapa berrantolatzen da, eta finantzaketa-sistema berriaren oinarriak finkatzen dira, Foru Komunitateko lurralde-eremuen arteko desoreka murriztearren eta Nafarroako herritarrekiko zerbitzuen estaldura hobetzearren». Horrek guztiak «herri ttikiei lagunduko» dielakoan dago.
Etorkizunera begira
Etorkizunaz galdetuta, 2016an Zerainen egin zen Etorkizuneko Herri Txikien inguruko nazioarteko kongresuan onartutako adierazpen ofiziala ekarri du gogora: «etengabe eta hagitz azkar aldatzen doan mundu eta gizarte globalizatuan, herri ttikiak arlo guztietan etengabe egokitu beharrean daude: kulturaren garapenean formakuntza jasoz, ekonomia berrietako aukeretan arreta jarriz, ohiko jarduerak egokituz (merkataritza, turismoa, teknologiak...)».
Herri ttikien geroa «neurri batean» nekazari eta abeltzainen etorkizunarekin lotua dagoela ere azaldu du kontseilariak: «mendeetan zehar nekazaritzari eta abeltzaintzari esker gure lurraldeak egokitu dira, eta hein haundi batean, gaur egun ikusten ditugun paisaiak nekazaritzak eta abeltzaintzak eginak dira». Hainbat arrazoirengatik nekazaritza eta abeltzaintza mantendu beharrekoak direla azaldu du, «baina bereziki lanpostuak sortu bidenabar, kalitateko elikagaiak ekoizten dituztelako,populazioa finkatzen dutelako eta lurraldea kudeatzen laguntzen dutelako».