«Elkartuta herriak aurrera eginen du»

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 24a, 13:00

Etorkizunera begira, lan eta bizitzeko modulo herria egitea da erronka, Ainhoa Ansa Aranoko alkatearen ustez.

Ainhoa Ansa Zugarramurdi, Aranoko alkatea 

Mende hasieratik biztanleriak behera egin badu ere, gaur egun baino «okerrago» egonak direla kontatu digu Ainhoa Ansa alkateak. «Gazteen belaunaldi bat falta dugu, eta huts horrek beste belaunaldi baten hutsa ekarriko du hemendik urte batzuetara». Halere, egungo egoerari erreparatuz, kontent daude «ume dezente» daudelako. «Horien etorkizuna herrian bermatzea ezinbestekoa izanen da Aranoren biziraupenerako». 

Ez dute ez eskolarik ezta dendarik ere. Zerbitzuak «falta» dituzte: «Udala eta taberna baditugu, kontsultategia astean behin, eta arraina eta ogia salduz gerturatzen den zerbitzua kenduko bagenu, herritarra kanpoan kontsumitzera derrigortua dago». Batzuk «ondoko herrietara izan dezakeen distantzia alde txar moduan har» dezaketen arren, «hemen bizitzera ohituak gaudenok salto batean edozein lekutan egotera ohituak gaude». Are gehiago, «hiri kozkorretatik aparte» bizitzeak hainbat alde on ditu Ansarentzat: «lasaitasuna, ingurunearekin eta baserriarekin harremana, umeek jolasteko duten askatasuna eta gauzak nondik datozen eta zenbat kostatzen diren nola ikasten duten, pakea, zaratarik gabeko egunerokoa, kultura...».

«Lan eta bizitzeko moduko herria egitea izanen da herriaren erronka»

Baliabide gutxi izanagatik, «herriko harremanak eta kultura mugimendua hauspotzeko» saiakerak egin dituzte azken urteotan Aranon. 2015ean herrigintza eskolak sortu zituzten, eta 2017 hondarrean, berriz, Maisuenea erabilera anitzeko txokoa ireki zuten. Aitortu digunez, «Maisuenearen eta herrigintza eskolen oinarrian, garai desberdinetan baina, helburu bera legoke: herriko jendeak elkar hartuta hainbat proiektu aurrera eramateko dinamika sortzea. Norberaren etxetik eta egunerokotik haratago, herrigintzan, bakoitzak dakien horretatik eragitea». Horrekin batera, «herrian beti proposamenen bat prestatzeko norbait» badela nabarmendu du aranoarrak. «Horri eutsi behar diogu, eta indarrak elkartuta bada hobe».

Etorkizunera begira, erronkak «lan eta bizitzeko moduko herria egitea» eta «herriak bere izaera mantentzeko, lehen sektorean dabiltzan edo jardun nahiko luketen nekazari eta abeltzainen jarduera mantentzea» izanen direla adierazi digu Ansak. Horretarako elkartzea garrantzitsua izanen dela dio: «gure herria eraikitzeko elkartzen bagara, eta lan eta bizi bertan egiteko proposamenak lantzen eta bultzatzen baditugu, Aranok bizi-bizi aurrera eginen du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun