1980ko eta 1990eko hamarkadetan biztanleriak beheiti egin zuen Anizen eta Azkarateren ustez, mugikortasuna izan zen arrazoietako bat: «herritar aunitz kanpora joan ziren lanera eta kanpoan gelditu ziren bizitzen». Denborarekin, ordea, «jendea hirietan bizitzea inongo pagotxa ez dela konturatu» dela uste du, «eta herrietan bertze modu batera bizi daitekeela, baita merkexeago ere».
Berak herrian lan egin eta bizitzeko hautua egin zuen, eta halaxe bizi da gustura. «Alde on aunitz» ikusten dizkio Anizen bizitzeari: «hirietan baino behar gutiago daude, lasaitasuna, ingurua, herriko giroa, kultura, ohiturak, harremanak, trafikorik ez...». Horiei guztiei «balioa ematen» die, eta ez gutti. Gehiago ere bai: «hemen norbait bazara eta hiri batean ez; kide izatearen zentzuaz ari naiz».
«Gazte gehienak herrian gelditu gara, eta nahiz eta azken urteotan ez den haurrik sortu, etorkizun ona ikusten diot herriari»
Anizen bizitzeak dituen zailtasunez galdetuta, «mugikortasuna eta zerbitzu eskasia» aipatu ditu: «ez dago dendarik, ez medikurik eta ez eskolarik ere. Horrez gain, gehienek kanpoan lan egiten dute, eta egunero Aniztik mugitu behar dute». Baina horren gainetik dago azken urteotan herritarrek egin duten hautua: «gazte gehienak herrian gelditu gara, eta nahiz eta azken urteotan ez den haurrik sortu, etorkizun ona ikusten diot herriari». Aitzinera egiteko erronken artean, «zerbitzuak izatea» eta «gure arteko harremana ona izatea» gakoak dira bere ustez. «Herrian eskola bat izatea garrantzitsua» izanen litzatekeelakoan dago, «nahiz eta zaila» ikusten duen. Gisa berean, bere irudiko, «bertakoen arteko harremana ona baldin bada, errazagoa izanen da herrian gelditzea eta hori ondorengo belaunaldiei transmititzea erronka nagusietako bat izan daiteke».
Bertzalde, etxe hutsak eta komunalen ordenantzak aipatu ditu: «gero eta etxe huts gehiago daudela ikusteak kezkatzen nau. Lege aldetik, arazo horri heldu behar zaio, eta etxe hutsak konpontzeko laguntzak eman beharko lirateke». Komunalen ordenantzen harira, «aldatzeko prozesuan» daudela kontatu digu: «jendeak hemen bizitzeko aukera baloratzeko komunalak gaurkotu behar dira».