Zabalorentzat «zerbitzu publikoak eskura ez izatea da Ezkurran bizitzeko zailtasunik handiena». Honela dio: «eskola eta medikua bezalako zerbitzuak eskuratzeko mugitu behar izaten dugu. Herrian ez dago eskolarik eta ikasleek hori nabaritzen dute, eskola orduez gain, bidean pasatako denborak ondorioak izaten dituelako, adibidez, nekean». Zerbitzuek herria «aberastu» egiten dutela dio, eta horren adibide, jubilotekak eta ludotekak herrian duten «arrakasta» aipatu du. Medikua, berriz, «egun batzuetan» baino ez zaie joaten: «ez dugu noiz gaixotuko garen erabakitzen eta batzuetan falta sumatu izan dugu». Baina herri txikian bizitzearen alde onak ere nabarmendu ditu: «lasaitasuna, herritarren arteko harreman estuak, partaidetza... Herrian gutxi izanda gauzak aurrera ateratzeko guztion beharra dagoela eta guztiok ekarpenak egiteko modua badugula ikustea polita da». Berak argi du: «naturarekin kontaktua gustuko duen edozeinek ulertuko du mendian bertan bizitzea zeinen aberasgarria den».
«Gazteek bertan gelditzeko eta herriari bizia emateko saiakera egiten dute»
2013an Gaindegiak egindako azterketaren arabera, oraingo martxarekin eta duten biztanleria txikia eta zahartuarekin, 21 herrik luze gabe desagertzeko arriskua izanen lukete. Tartean Ezkurrak. Zabalok, ordea, «ez dakit ustea edo nahia den, baina ez dut horrela ikusten», dio. «Herri berezia da eta ez nuke desagertzen ikusi nahi». Bere ustez, «gure herriak eskaintzen dituen aukera haundiak erakusten jakin behar genuke. Ez litzateke ideia zoro eta arrakastatsu baten ondorioz, horrelako herriak berpizten diren lehen aldia izanen. Beharbada hori da falta duguna». Etorkizuna bermatzeko «gazteak hemen gelditzea» garrantzitsua dela uste du baina horretarako «herriak zerbait aldatu» beharko lukeelakoan dago, «eskaintza haunditu, adibidez». Biztanleria mantentzea «zaila» ikusten badu ere, denaren gainetik zera azpimarratu du: «ez dut itxaropena galdua».