Norbere buruaren irudia eraikitzeko autoestimuaren garrantzia haurtzaroan

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 27a, 09:00

Haurtzaroan autoestimua lantzearen garrantziaz aritu zaizkigu Rosa Belzunegi, Ramoni Ordoki eta Garbiñe Goia psikologoak eta autoestimua indartzeko euren aholkuak bildu ditu Ttipi-Ttapak

Solas politek eta itsusiek, laudorioek eta irainek, errietek, keinuek, begiradek, zigorrek... Denek eragina dute autoestimuan. Maiz aditzen dugun hitza da, eta adituen arabera, aunitzek uste baino lehenagotik hasten gara autoestimua eraikitzen; Garbiñe Goia (Bera), Ramoni Ordoki (Lesaka) eta Rosa Belzunegi (Elizondo) psikologoen hitzetan, ttikitatik.

 

Nola eraikitzen da?

Autoestimua «modu gradualean eraikitzen» dela dio Goiak: «haurrak bere historian inguruan jaso dituen ebaluazio multzoa bereganatzen du eta horrekin bere buruarekiko duen iritzia eraikitzen du». Baina haurrak «izaera propioa» dakarrela ere kontatu digu: «izaerak eta biologiak garrantzi haundia du inguruan jasotzen duen balioa neurtzerakoan».

Beratarraren arabera, haurra amaren sabelean dagoenetik egitura psikikoa eraikitzen hasten da: «horrek eragina du autoestimuaren eraikuntzan». Haurra jaiotzen denean, «modu inkontzientean bada ere, ingurua nola den hautematen hagitz adi egoten da. Ingurutik jasotzen duen balorazioa, maitasuna, goxotasuna eta konfiantzazko mezuekin autoestimua eraikitzen hasten da». Hasierako urteetan «gurasoen mezuek berebiziko garrantzia» duten bezala, haunditu ahala, «bertzeen mezuek ere garrantzia hartzen dutela» azaldu digu. Alde horretatik, eskolaren papera azpimarratu du: «autoestimuaren eraikuntzan ezinbertzekoa da: hezkuntza sistemak haurraren ongizatean lagun dezakeen bezala, kalte ere egin dezake». 

Belzunegik «haurra inguru hurbilarengandik autonomo, bereizi eta desberdin izaten hasten denean, bizitzarako erremintak bereganatzen» dituela dio. «Hasieran berehalako plazera nahi du, dena segituan, baina errealitateak mugak jartzen dizkio. Autonomia hartzen duen prozesu horretan, haurrak bere jarrerarekin, hasieran gurasoak eta familia eta gero eskola-ingurua kontent utzi edo haserraraz ditzakeela konturatzen da. Orduan hasten da bere ekintzekin baloratua edo ez sentitzen eta autoestimuaren sentimentua osatzen». Garai guztiak «garrantzitsuak» direla dioen arren, nerabezaroa nabarmendu du: «guraso, irakasle eta haurtzaroan beretzat garrantzitsuak izan diren pertsonengandik bereizi eta bere diskurtsuarekin munduan kokatzen hasten den unea delako». Bere hitzetan, horixe da «norbere buruarengan konfiantza, zentzu kritikoa eta gauzak bere akatsekin egiteko gaitasunak garrantzi haundiagoa hartzen duen garaia». 

Ordokik ere «autoestimua nerabezaroan finkatzen hasten» dela dio. Haurretan «autoestimua mugikorra» omen da, «egoeraren eta adinaren araberakoa. Oraindik ez dago egina eta zerikusi haundia du gurasoekin, eskolarekin, lagunekin...». Bere ustez, bortz urtetik aitzinera hasten dira autoestimua eraikitzen: «zati bat berezkoa dute baina hori kudeatzen ikasi egiten da eta horretarako gakoak dira bortz urtetik aitzinerako urtea».

 

Autoestimuaren garrantzia

Hiru adituak bat datoz haurtzaroan autoestimua lantzea «hagitz garrantzitsua» dela erraterakoan. Lesakarraren hitzetan, «pertsona baten bizitza guztirako oinarria delako». Elizondoarrak gaineratu duenez, «horren arabera, ekintza berriei ekinen die, bere iritzia emanen du, hanka sartzen ikasiko du katastrofe bat izan dela sentitu gabe eta zuzentzen ikasiko du. Ez da bertzeek beregatik pentsa dezaketeenari begira egonen». Bide beretik jo du beratarrak: «hein batean horrek baldintzatzen du helduaroan izan dezakeen arrakasta pertsonala. Bizitzan egin nahi dituen gauzak egiteko konfiantza horren beharra du». 

 

Ondorioak

Ordokik autoestimua izateak «arazoei aitzin egiten laguntzen» duela dio. Goiak gaineratu duenez, «autoestimu altua duen haur batek bere  buruarengan sinesten du, badu espazio bat bere familian, eta ondorioz, munduan ere tokia baduela sentitzen du. Egoerak eta erronkak gainditzeko konfiantza badu, gaizki eginez gero ere, epaitua sentitu gabe onartzen ditu bere hutsak».

Aitzitik, «bere burua ez badu aunitz baloratzen, gauza aunitzetan gaitasunik ez duela pentsatuko du» beratarraren irudiko, «eta beraz, egin gabe geldi daiteke. Gutti balio duela pentsatzen dute eta gauza positiborik ez dutela merezi». Konfiantza eskasiak bizitzan eta harremanetan ere eragiten du Goiaren ustez: «maitasunik merezi ez dutela senti dezakete eta beraz, lagunekiko elkarrekintza segurtasunik gabekoa da». «Errudun sentitzeko joera» omen dute eta «eta kulpa sentimendua haur eta helduengan aunitz paralizatzen duen emozioa da».

 Ordokik «muturre»ª ez dutela laguntzen jakinarazi du eta «dena neurrian» egin behar dela: «kritika sobera dagoenean edo diziplina gogorregia denean, haurraren izaeraren arabera, arront zapaldu dezakegu, edo adin batera ailegatzean, gurasoen kontrako jarrera har dezake».

Bide beretik, Belzunegik «gaizki eginikoak aurpegiratzen dizkioten eta ongi egindakoan edo saiatutakoan onartua edo baloratua ez den haurrak dena gaizki egiten duela» sentituko duela ohartarazi du. «Bere buruarengan konfiantza gutti izanen du eta berak pentsatzen edo nahi duena duenari baino garrantzi gehiago emanen dio bertzeek diotenari». Baina «autoestimu altuegia» izatearen ondorioez ere aritu da: «onena dela eta dena ongi egiten duela errateak ez du laguntzen, denok egiten ditugulako gauzak gaizki». Gisa honetara, «beregandik espero dena ez betetzeko beldurra senti dezake, eta inhibiziora jo». Lesakarrak ere «gauzak sobera errazteak» ez duela laguntzen dio: «halakoetan ez dituzte abilidadeak ateratzen». 

Goiak «kantitatea eskaintzea kalitatea eskaintzea bezain garrantzitsua» dela adierazi du: «haurrek gurasoen presentzia behar dute». Bere irudiko, «sistemak haurraren ongizatea lehentasuntzat hartzean, gizarte osasuntsua lortzen ahal izanen dugu. Haurraren behar fisiko-emozional eta sozialak beteak diren heinean, heldu osasuntsu bat lortuko dugu. Mundua alda dezakegula sinetsi behar dugu, eta gure partetik ahal duguna egin».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun