«Haurra maitatua sentitzea pausu haundia da»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 27a, 10:00

Garbiñe Goia, Berako psikologoa.

Garbiñe Goia, psikologoa (Bera)

«Baldintzarik gabeko maitasuna eskaintzea». Horixe da Goiak gurasoei luzatu dien mezua. «Haurra maitatua sentitzen bada, egiten duena egiten duela ere, pausu haundia da autoestima ona eraikitzeko».

Haurrak bere izaera «epaitua ez sentitzea» ere garrantzitsutzat jo du: «ez da gauza bera 'barkatu ume, egin duzun hau ez zait gustatu arrazoi horiengatik, hori egiten baduzu hori gertatzen da...' erratea edo 'zeinen tontoa zaren! Ez duzu deusetarako balio!' erratea. Lehenbizikoan, ekintza kritikatu dugu, eta bigarrenean, bere izaera». Bigarren kasuan, «haurrak 'ez naute maite', 'ez dut ezertarako balio' pentsa dezake». Jende aitzinean «kritika negatiboak saihestu» beharrekoak direla ere adierazi du: «ekintza positiboak publikoki txalotzen ahal dira, baina gaizki egindakoak zuzendu bai baina arlo pribatuan uztea garrantzitsua da». Hartara, «hanka sartzeko beldurrik ez du izanen». Anai-arreben artean konparaketarik ez egiteko ere aholkatu du: «zuzendu nahi dugun haurrari begiratu behar diogu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun