Gorputz ttikian gerlari handiak

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 1a, 07:00

'Navidad Adano' film laburrean parte hartu dute Naroa eta Maitanek. (Argazkia: Oscar J.BARROSO)

Haurren %2ari eragiten dio minbiziak

Minbizia entzundakoan nekez datorkigu burura haur baten irudia, baina urtero 14 kasu berri diagnostikatzen dira Nafarroan. Eritasunak isi­lean egiten du lana eta ezustean jasotzen da albistea; egun batetik bertzera borrokari hasiera emanaz. Eritasun hau hurbiletik bizi duten bi familiekin bildu da TTIPI-TTAPA eta Elizondoko Naroa Etxaide eta Elgorriagako Maitane Mariezkurrenaren irribarreek duten indarraren lekuko izan da.

«Ez dakigu zeinen indartsuak garen, indartsu izatea suertatzen zaigun arte» diote  ­Navidad Adano film laburrean. Eta  Maitane eta Naroaren gurasoek ere hala azaldu dute: «beha­rra dagoenean, ez dagoen tokitik ere ateratzen da inda­rra».
Eritasunak haurren %2ari eragiten dio eta kopurua hain ttikia izanik «ez zaizu burutik pasatzen». Horregatik, hau­rrak zer zuen erran zietenean erabateko harri­dura  sentitu zutela diote bi familiek «gordin-gordinean erraten dizute. Ordura arte zure kezka handiena haurra agian ingresatu eginen dutela da, pare bat egunez bertan egon beharko duela». Minbizia aipatuta­koan, ordea, «gurpila gelditu egiten da. Aste betez, mundua gelditzen da eta gero pixkanaka buel­tan zatoz. Datorrenaz jabetu, hurbilekoei kontatu... eta aitzi­nera egin».
Diagnostikoa jakindakoan, guztiz zehaztua dagoen protokolo bati  ematen diote hasiera «pauso guztiak zehaztuta daude eta ho­rrek ez dizu aukerarik ematen pentsa­tzeko. Gustatu edo ez, hori da egin beharrekoa». Kimioa, radioa, ebakun­tza.... gogorra izan da orain arte egin duten bidea baina bai Naroak eta baita Maitanek ere, albiste onak jaso dituzte berriki «gorputzean zelula txarrik ez dagoela ­erran digute eta oso pozik gaude».
Hilabete hauek «intentsoak» izan dira, baina, tartean, momentu gozoak ere bizi izan dituzte «ospitaleko bosgarren solairuan eguneko egoi­tza bat dago eta bertan elkartzen gara haurrak, gurasoak, medikuak, erizainak... familia moduko bat osa­tu dugu guztiok». ADANOko boluntarioen lana ere azpima­rratu dute «lehenbiziko momentutik ondoan daude, babesa ematen dizute, laguntza...» eta haurrei ere badakite ilusioa pizten «Egube­rrietan bisitak, ­jaialdiak, film laburrean parte har­tzeko aukera... Egunerokoa ahazten laguntzen dieten energia dosiak dira».

 

Alejo Etxaide: «Zuk egin behar diozu aurre datorkizunari baina babestua sentitzea garrantzitsua da»

 

Oihana Migeltorena: «Eri dago baina haur bat izateari ez dio uzten, inozentzia hori du eta eskerrak hala den»


ADANO ELKARTEAREN LAGUNTZA
Eri dauden haurren eta euren familien bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin sortu zen Minbizia duten Haurren Aldeko Nafarroako Elkartea. Javier ­Molinak, Iruñeko ­Virgen del Camino ospitaleko medikuak, jarri zuen abian eta gaur egun ­ospitalean bertan eskain­tzen dute zerbitzua elkarteko ­psikologo eta gizarte langileak. Horiekin batera, boluntarioak dira ardatza. Astelehe­netik ­­or­tziralera, goiz eta arratsaldez, ospitalera joaten dira hau­rrak ­bisitatzera eta ­irteerak, jaialdiak, udako kanpaldiak... antolatzen dituzte.
­ 2016an egindako ekintzen artean, Navidad Adano film laburra azpima­rratu behar da. Oscar J. Barrosok zuzendutako lanean, minbizia duten ­ADANO elkarteko hiru haur izan dira protagonistak, Elena eta eskualdeko Naroa eta Maitane. Adano elkartearen web orrian ikus liteke osorik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun