2016ko uztailaren 29a memorian iltzatua du Oihana Migeltorenak, Maitaneren amak. Ez zuten zetorrena susmatzerik izan «primeran zegoen, jolasean ari zen eta bat-batean mina zuela erranez hasi zen. Ez da erraz kexaka hasten den horietakoa. Nabaritu nion min handia zuela eta kezkatu egin nintzen. Doneztebeko Osasun Etxera joan ginen eta handik Iruñera bidali gintuzten froga batzuk egitera». Hura izan zen prozesu honetan guztian Maitanek mina sentitu duen aldi bakarra «gorputzak emandako seinale bat izan zen eta guk ere hala erreakzionatu genuen. Bertze batzuetan lasaitzeko, pasako dela, erran izanen nion. Baina, orduan horrela jokatu nuen; ez dakit zergatik».
Froga desberdinak egin zizkioten Iruñean eta berehala erran zieten zer zen gertatzen zena «tumore bat zuela eta ona edo txarra zen ikusi behar zela. Harrituak gelditu ginen, ezin sinetsiz. Edozer pentsa genezakeen baina hori ez. Gure burua nolabait kontrolatzen saiatu ginen Maitane gurekin zegoelako, baina kolpea izugarria izan zen». Zenbait azterketa egin ondotik etorri zen diagnostiko zehatza «neuroblastoma bat zuela erran ziguten eta aurre egiteko modu bakarra ebakuntza bat egitea zela». Horretarako, ordea, tumoreak tamainaz ttikitu behar zuen, «ebakuntzara ahalik eta baldintza hoberenean iristeko».
GORPUTZAREN ETA BURUAREN INDARRA
Kimioarekin hasi ziren orduan eta fisikoki ongi eutsi zion: «neska gogorra izan da beti Maitane eta erraz ematen zion buelta. Ospitaletik gaizki etortzen zen, jateko gogorik gabe eta goitika eginez baina bi egunean hobera egin eta sesio batetik bertzerako tartean, galtzen zuen pisua berreskuratzen zuen». Fisikoki soilik ez, emozionalki ere gogorra dela erakutsi die «ez du sekula negarrik egin froga bat edo bertzea egin behar ziotelako. ‘Zertarako kexatu behar dut berdin-berdin egin behar badidate?’ erran izan digu behin baino gehiagotan». Ilea galdu zuenean ere berdin, «errateko beldurrez nintzen eta orduan ere lekzioa eman zidan, ‘gero berriz ilea hazten zaidanean ilea horia eta lisoa izanen dut igual’ erantzun zidan».
Hamar urte zituen eritasuna diagnostikatu ziotenean eta hori erabakiorra izan da Oihanaren ustez «haur bat da oraindik, inozentzia hori du eta eskerrak. Bi urte beranduago gertatu izan balitz desberdina izanen zela uste dut. Nerabezaroko aldaketa eta...».
Urtarrilean egin zioten ebakuntza «Valentziako ospitalean, han gurea bezalako kasuetan espezializatutako talde bat dutelako eta hagitz ongi joan zen guztia». Radioko sesio batzuk hartu ditu gero eta hilabete guttiren buruan, «berriro ere normaltasunera bueltatu ahal izanen dugu». Nahiz eta aitortu duen: «buruak ez du atsedenik hartzen. Beti nago alertan».
ETA SENDATZEAN ZER?
Orain artean eskolako erritmoari eutsi dio eta amaren ustez, unean bertan eta etorkizunerako garrantzitsua izan da hori beretzat «bertze gauza batzuen aurka ezin duzu deus egin baina normaltasun horri eustea badago gure esku». Psikologikoki garrantzitsua da bere ustez: «lagunekin hitz egiten duenean, gauza berak ikasten ari direla ikustea, haiekin kontaktuan segitzea...ez da ahaztu behar bizitzak aitzinera jarraitzen duela eta parentesi honen ondotik, lehengora bueltatu behar duela».
«Hilabeteak izan dira, baina urteak dirudite. Oso intentsoa izan da. Familia eta lagunei emandako laguntza guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiet».
«Garrantzitsua da ahal den neurrian normaltasunari eustea. Bizitzak aitzinera jarraitzen du, parentesi bat da eta gero lehengora bueltatu behar du».