Bitan jo du eritasunak beraien atea «lehenbiziko aldia, 2014ko irailaren 28an izan zen. Urritik abendura arteko tartea gogorra izan zen baina eboluzioa ona zela eta haurrak tratamendua aguantatzen zuela ikusten genuenez, hobeto generaman. Urte eta piku borrokan eman ondotik, berriz ere gaixorik zegoela aditzea izan zen gogorrena» azaldu dute Alejo Etxaidek eta Roxa Ballarenak, Naroaren gurasoek.
Bortz urte zituen Naroak Hodking linfoma diagnostikatu ziotenean «berehala ikusi zuten tumorea ez zela ona eta tratamenduarekin hasi beharra zegoela».
HAURRARI KONTATZEA
Haurrarekin hasmentatik gaiari buruz solas egiteko gomendatu zieten: «Adanokoek liburu bat eman ziguten eta Naroari kontatzen joan ginen. Hartz medikuaren istorioa zen. Haurrentzako egokiak diren hitzak erabiliz kontatzen dizu eritasun bat duela, ez dela katarro bat bezalakoa... gogorragoa dela eta sendatzeko emanen dioten medikamentuak zelula txarrak desagerraraziko dituela baina onak ere bai». Liburuak gertatzen ari zitzaiona ulertzen lagundu zion Naroari, «gauzak galdetzen zizkigun... baliagarria izan zen beretzat». Dena den, Alejok dio ez dela erraza alabarekin gaiaz mintzatzea «gaizki zegoenean galdetu izan dit: ‘eritasun honekin jendea hil egiten da?’ Hori alabaren ahotik entzutea gogorra da. Erantzun bat eman beharra diozu. Baietz erantzun nion, baina aunitz direla sendatzen direnak». Ahizpa eta anaia ditu Naroak eta zaharrenarekin ipuinak ez zuen balio izan: «berak gehiago jakin nahi zuen».
FAMILIA GUZTIARI ERAGIN
Izan ere, ez da atzendu behar eritasuna Naroak izan arren, familia guztiari eragiten diola «hiru seme-alaba ditugu eta egunerokoan aldaketak gertatzen dira. Ordurarte guztiok beti elkarrekin geunden. Ingresoak, mediku-azterketak... zirela eta erabat elkarrekin ezin egon hori arras gogorra izan zen niretzat» azaldu du Roxak.
GAIXOTASUNARI AURRE EGITEKO JARRERA
Gaixotasunari aurre egiteko garaian gauzak aunitz erraztu ditu Naroaren izaerak «alaia da, bizia, umore onekoa eta haurra izan arren, gogorra». Kimioa hartu ondotik, bere buruari erronka jartzen zion Naroak «kimioaren eraginez belaunetako indarra galdu egiten da. Gurpildun aulkian mugitzeko aukera ematen dizute orduan, baina berak ezetz erraten zien. Oinez joaten zen, ahal zuen bezala, baina oinez. Guri hori ikusteak indarra ematen zigun».
2015eko ekainean erran zieten guztia ongi zegoela baina abenduaren 22an berriz ere gaixorik zegoela jakin zuten «kolpea izan zen guztiontzat». Prozesua bera ere gogorragoa izan da bigarren aldi honetan «ez zelako dena lehenbizikotik ongi joan, bidetik atera gabe. Tratamendu batekin eta bertzearekin saiatzen ziren baina ez zuen hobera egiten. Zortea izan genuen, azken aukerak funtzionatu egin zuelako». 2016ko irailaren 5ean hartu zuten berri ona «dena ongi zegoela erran ziguten. Irailaren 23an autotransplante bat egin zioten ziurtatzeko eta gerora egindako azterketa guztiek ongi dagoela diote. Maiatzera arte medikamentua hartzen segiko du, arriskuak ekiditeko». Eta gero, normaltasunera itzultzeko aukera izanen du «bi urte daramatza borroka honetan eta milaka plan ditu buruan».
Bizitzea egokitu zaiena gogorra izan arren, aurpegiko irribarrea ez zaie itzaltzen gaiaz solas egiterakoan «gauza txarrak burutik ezabatzen dituzu eta onekin gelditzen zara».
«'Ez dakit nola posible duzun' erran izan digute. Ez dugu bertze aukerarik. Ez da aukera bat, gogorra izan behar duzu eta kitto».