Aritz Juanenea saldiastarra buruz buruko erremonte txapelaren defentsan ariko da

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 7a

Juanenea, Barrenetxea IV.a, Azpiroz, Ezkurra II.a, Aldabe eta Larrañaga, buruz buruko erremonte txapelketaren aurkezpenean. Aldabek Larrañaga kanporatu du dagoeneko eta Josetxo Ezkurraren kontra jokatuko du larunbatean.

Eratsundarrarekin batera, Barrenetxea IV.ak, Azpirozek eta larunbat honetan Aldaberen eta Ezkurra II.aren artean jokatuko den partidaren irabazleak jokatuko dute, ez ordea Ansa II.ak

44. Euskolabel Buruz Buruko Erremonte Txapelketaren aurkezpena egin zuten ortzegun arratsaldean Chillida Lekun. Aritz Juanenea saldiastarrak joan den urtean lehen aldiz lortu zuen txapelketaren defentsan jokatuko du eta berekin batera, Barrenetxea IV.a, Azpiroz eta larunbat honetan, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aldabek jokatuko duten partidaren irabazlea ariko dira. Hain zuzen, Aldabek 30-16 irabazi zion atzo Larrañagari, txapelketan sartzeko aitzineko bertze partidan. Imanol Ansa II.a, ordea, iaz hirugarren izan arren, ez da txapelketan ariko, hautsak harrotu dituen Oriamendi enpresaren erabakiaren ondotik.

Larunbat honetan txapelketako azken fasean ariko den laukotea osatu ondotik, abuztuaren 15ean hasiko da, txapeldunaren eta larunbateko partidaren irabazlearen arteko partidarekin. Ondoko jardunaldiak abuztuaren 22an, 29an, irailaren 5ean, irailaren 12an eta irailaren 19an jokatuko dituzte. Ligaxkako lehen sailkatua zuzenean sartuko da finalera eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute irailaren 26an. Finala urriaren 3an jokatuko dute Galarretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun