Erremontisten ustez, «gatazka hau aspaldi joan da hasierako arrazoitik haratago. Hasieran aldi baterako neurri bat zirudiena, praktikan, gure lankide baten kirol ibilbidea baldintzatzen ari den egoera bihurtu da. Hilabeteko zigorra bete ostean, nahikoa ez balitz bezala, Banakako Txapelketatik kanpo utzi dute Ansa II.a. Ekintza honek pentsarazten digu gatazka honek jada kirol esparrua gainditu duela, eta hartutako erabakiek Imanol Ansaren ibilbide profesionalari kalte egiten diotela».
Gainera, azpimarratu nahi dute «Imanolek berak ere gatazka honetan Oriamendiri barkamena eskatu diola, bere erabaki batek enpresaren antolakuntzan eragozpenik edo kalterik eragin badu. Keinu horrek erakusten du egoera bideratzeko borondatea izan duela».
Erremontisten aldetik, une oro errespetuz eta era eraikitzailean jokatu dutela uste dute, «enpresarekin bilerak egin ditugu, idatzi bateratuak bidali ditugu eta gure kezka modu zintzoan helarazi dugu. Hala ere, sentitzen dugu gure iritzia ez dela kontuan hartu».
Era berean, uste dute ezin dela alde batera utzi Imanol Ansak urte hauetan guztietan erremontearen alde egin duen lana: «Kirolari bikaina izateaz gain, afizionatuak borondatez entrenatu ditu, bisita gidatuak eskaini ditu hainbat hizkuntzatan, kantxako mantentze lanetan ere parte hartu du, materiala hobetzeko lan egin du eta hobekuntza horiek pilotari guztien eskura jarri ditu. Horrez gain, askorentzat eredu eta lagun izan da, erremontearen etorkizuna sustatzen jardun du etengabe, eta beti interes komunak lehenetsi ditu, interes pertsonalak bigarren mailan utzita».
Erremontearen etorkizunaren aldeko aldarria
Idatzia sinatu duten hemezortzi erremontistek adierazi nahi dute «hau ez dela Imanol Ansaren aldeko babes hutsa. Erremontearen etorkizunaren aldeko aldarria ere bada. Azken erabakiak eta gatazkak kudeatzeko moduak giroa okertu dute, pilotarioi zuzenean eragin digute eta erremonteari berari kalte egiten ari zaizkio». Gainera, jakinik Oriamendi 2010 enpresak 2026 urtea izanen duela erremontea kudeatzen duen azken urtea, «funtsezkoa iruditzen zaigu gatazka hau konpondu eta denon artean amaiera duin eta bateratua ematea. Gaur ez da Imanol Ansa bakarrik galtzen ari. Erremonte osoa ari da galtzen: pilotariak, zaleak eta modalitatea bera».
Zaila egiten zaie ulertzea «urte luzez erremontearen alde dena eman duen pilotari batek, enpresak ezarritako epea bete ondotik, urteko txapelketarik garrantzitsuena jokatzeko aukerarik ez izatea».
Horregatik, bere kezka eta desadostasuna publikoki adierazi nahi dituzte. «Oraindik ez da berandu. Erremontearen onerako, oraindik garaiz gaude egoera hau konpondu eta Imanol Ansak Banakako Txapelketan parte hartzeko aukera izan dezan. Uste dugu oraindik ere badagoela denon onerako izanen den irtenbide bat aurkitzeko aukera».
Erremonteak elkarrizketa, errespetua eta kirol irizpide objektiboak behar dituela uste dute, «hori izango da beti gure konpromisoa» dio akitzeko, Aiestaran VI.ak, Aiestaran VII.ak, Aldabek, Arluziagak, Azpirozek, Deskargak, Eskuderok, Ezkurra II.ak, Goikoetxea V.ak, Goikoetxea VI.ak, Gurrutxagak, Irazuk, Jabalerak, Larrañagak, Martixpek, Segurolak, Susperregik eta Ugarte II.ak sinatutako idatziak.