Bestak 2026

«Herriko gazteen arteko harremanak sustatzea da Burrunbaren asmoa eta herri izaera hori indartzea»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 25a

Janire Iribarren, Doneztebeko gazte Burrunbako kidea da.

Janire IRIBARREN LIZARDI Doneztebeko gaztea.

Doneztebeko hogeita hiru urteko neska gaztea da Janire Iribarren Lizardi. Artista hitzak ongi definitzen duen horietakoa: «beti nabil argazkiak ateratzen eta sormena lantzen».

Argazki kamera soinean duela mendira edo kosta aldera joaten da maiz: «naturarekin kontaktuan egotea ezinbertzekoa da niretzat eta  argazkilaritzak gustuko dudan horren oroitzapen polit bat edukitzeko aukera ematen dit».

Badira, ordea, oroitzapenak memorian iltzatzeko bertze hamaika modu eta horregatik, Doneztebeko bestetan «argazki kamera etxean» utziko duela aitortu du. 

Doneztebeko Burrunba Gazte Taldeko kidea da Iribarren eta aspaldi hasi zituzten besten inguruko prestaketak: «ekaina hagitz agudo pasatzen da eta ohartzen garenerako bestak ate joka izaten ditugu». Ekainaren 28an ospatuko duten Gazte Eguna antolatzeaz arduratzen dira eta, horretaz gain, arratsero txosna ere irekitzen dute: «Urte osoan antolatzen ditugun ekintzetarako dirua lortzeko aukera ematen digu horrek».

Galtzak bete lan

Urteko ekintzak zeintzuk diren galdetutakoan, agerian gelditu da galtzak bete lan izaten dutela: «Urtero guk antolatzen ditugu Besta Ttikiak eta inauteetako ortzeguneko eta ortziraleko ekitaldiak. Gainera, Iruñera pilota partidaren bat ikustera joateko irteeraren bat antolatzeko ohitura ere badugu». Ekitaldi finko horiekin batera, jendearen proposamenak kontuan izan eta bertze hainbat ekintza ere antolatzen dituzte, «mus txapelketa, talo jatea eta aurtengo Eguberrietan zerri baten zozketa ere egin dugu». 

Helburua

2008an sortu zuten Burrunba Gazte Taldea eta geroztik, jende aunitz ibili da bertan; «Duela  lau urte sartu nintzen ni taldean eta denak boluntarioak gara». Talde anitza da, helburu baten bueltan elkartu dena: «Herriko gazteen arteko harremanak sustatzea da asmoa eta herri izaera hori indartzea». 

Inguruko herriekin konparatuta, herri handia da Doneztebe eta horrek gazteen arteko harremanetan eragina duela ikusi dute: «Herri txikietan errazagoa izaten da adin desberdinetako jendea elkarrekin ibiltzea. Gurean kuadrillaka banatuta dago dena eta kosta egiten da, batzuetan, hori alde batera uztea». 

Burrunbak antolatzen dituen ekintzekin, kuadrillen arteko muga zurrun horiek hautsi nahi dituzte. Eta ez hori bakarrik, Doneztebe Malerrekako erdigune bezala ulertuta, nabarmendu du inguruko herrietako gazteek ere «tokia» dutela antolatzen dituzten ekintzetan.Horregatik, azpimarratu du: «Doneztebe eta inguruko edozein haurren, gazteren eta helduen proposamenetara idekiak» daudela. 

Herriko bestak ailegatzen direnean ere, herri giro horren bila aritzen da Iribarren. Horregatik, «eguneko besta» nahiago izaten duela aipatu du: «Giro politagoa izaten da. Herriko jendea elkarrekin, gazteak eta helduak. Asko gustatzen zait bazkarian, poteoan… herri guztia elkartu eta sortzen den giroa». Hari horri tiraka, «kaleko giro hori pizten duten elektrotxarangak, batukadak… ezinbertzekoak» iruditzen zaizkio. 

Besta eta lana uztartu beharko ditu aurtengoan, «nahi bertze ezin izanen dugu atera». Baina  batzuetan loari orduak kenduz eta bertzeetan etxean geldituz, bien arteko oreka topatzeko saiakera egiteko prest dagoela dio irriz. 

Egitaraua esku artean hartuta,   badira inoiz galtzen ez dituen hainbat hitzordu: «Bertso saioa asko maite dut eta Erreka dantza taldeko kidea ere banaizenez, bestetan eskaintzen dugun dantza emanaldia ere bestetako ekitaldi berezienetako bat dela erranen nuke». 

Dantzarako duen afizio horregatik, akaso, erromeria giroa gustuko duela aipatu du eta gazteei plaza ingurura gerturatzeko deia ere egin die: «Gaur egungo gazteak gehiago egoten dira tabernan. Nik animatuko nituzke plazara etortzera eta bertan egiten diren ekitaldietan parte hartzera». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun