Taldeko kide berrienetakoa da Borja Iturria Tarazona, Donezteben bizi den aranztarra: «pasa den urtetik naiz erraldoien konpartsako kidea eta ohore handia da herriko bestei hasiera ematea». Udalaren erabakia «emozio handiz» hartu dutela dio, «badira herrian erraldoien konpartsa bezain bertze meritu egin dituzten bertze pertsona eta taldeak. Polita da udalak gu aukeratu izana».

Historia
Erraldoien konpartsan hasiberria den arren, etxeko lanak egin ditu Iturriak eta ongi ezagutzen du bere historia: «Doneztebeko erraldoiak 1956. urtekoak dira. Orduko udalak esfortzu ekonomiko handia egin zuen eta bi erraldoi erosi zituen, besta giroa alaitu eta umeek disfrutatzeko helburuarekin». Xehetasun gehiago ere eman ditu: «Bartzelonako El Ingenio enpresari erosi zitzaizkion, 4.500 pezetaren truke». Oraingo erraldoiekin alderatuta, garai bateko materialak desberdinak zirela azaldu du: «lehenengoen esku eta buruak kartoi mehez eginda zeuden eta gorputzak esponja eta zumezkoak ziren».
Erraldoiak ez dira izan urte hauetan aldaketak jasan izan dituzten bakarrak. Konpartsaren egituran ere aldaketa aunitz izan dira: «Hasiera hartan eta urte dezentetan, herriko boluntarioek eramaten zituzten erraldoi hauek herriko bestetan. Konpartsaren hasiera urtea bezala izendatu dugu 1956a, nahiz eta ez zuten ofizialki konpartsarik sortu». Ondorengo urteetan ere denetarik izan zuten: «Urte txarrak izan ziren, inork ez zituen erraldoiak zaindu eta ia desegin ere egin ziren, baina 1988. urtean, berriro ere udala tartean zegoelarik, erraldoiak berregiteko ahalegina egin zen». Horrek ez du erran nahi gorabehera gehiago izan ez zenik: «Erraldoiak eraldatu arren, berriro ere urte txarrak etorri ziren, eta 2008an, konpartsa bezala ezagutzen duguna sortu zen. Herriko lau pertsonek osatu zuten, eta beraiek izan ziren San Pedro Egunean erraldoiak karrikara ateratzeko ardura hartu zutenak. Talde horrek, ordea, ez zuen jarraipenik izan, konpartsa desegin egin zen eta Ostiz familiaren zaintzapean gelditu ziren herriko bi erraldoiak eta hauek plazaratzeko ardura».

Aro berri bat
2021. urtean aro berri bati eman zioten hasmenta: «orduan sortu zuten gaur egun ezagutzen dugun konpartsa eta konpartsako kideen eta udalaren bultzadarekin 2023an eta Gigantes Plateroren laguntzarekin, erraldoien buruak mantendu eta gorputz eta arropak berritu ziren». Itxura berrituta, izena ere eman zieten erraldoiei:«Peio eta Luzia. Doneztebeko patroiaren eta santu garrantzitsuenetako baten omenez». Azkenik, 2024. urtean, hirugarren erraldoia plazaratzeko aukera izan zuten: «herriko mutiko baten ekimena aprobetxatuz, Peio Ttiki sortu zen». Eta hiru erraldoi horien bueltan taldea ere pixkanaka osatzen joan da: «Doneztebeko erraldoien konpartsa gaur egun, hamasei pertsonak osatzen dugu, gizonezkoek eta emakumezkoek».

Ospakizunetan lekua
Herrian ospakizunik bada, ez dira urruti izaten erraldoien konpartsako kideak: «Besta ttikietan ateratzen gara eta bestetan, bezpera kenduta, gainontzeko egun guztietan bueltaxka bat ematen dugu». Ekitaldi batzuk «arrunt markatuak» daudela azaldu du: «udal ttikiari laguntzea, San Pedro Eguneko dantza edo Erreka Dantza Taldearen emanaldian parte hartzea, adibidez». Baina, besta giroa herri osora zabaltzea ere bada beraien ardura: «Herri guztia bisitatzen saiatzen gara, egun batzuetan alderdi batetik ibiliz, eta bertzeetan bertzetik». Helburua argi dute: «Herria alaitzea da gure asmoa eta, zaila bada ere, herritar guztiei Peio, Luzia eta Peio Ttiki ikusteko aukera ematea gustatzen zaigu». Erraldoiak dantzan hasten direnean, nekez begiratzen baita bertze aldera.
Erraldoien topaketak
Bestetako egitarauaren baitan, ospakizunerako tarte berezia hartu du aurten erraldoien konpartsak: «70. urteurrena ospatzeko erraldoi topaketa antolatzea pentsatu dugu eta hortan gabiltza udalaren laguntzarekin. Ekainaren 27an izanen da, goizean zehar». Doneztebeko hiru erraldoiei, inguruko herrietakoak gehituko zaizkie: «30 erraldoitik gora elkartuko gara eta hurbiltzen diren haurrei eta helduei ikuskizun paregabea eskaini nahiko genieke. Bazkalondorako ere ekitaldi batzuk antolatzeko asmoa daukagu eta bertara nahi duen guztia gonbidatuta dago».
Etorriko diren erraldoietako batzuk, beraien herrian izan dute lehenago Doneztebekoen bisita: «Herri aunitzetan ibili izan da konpartsa: Bera, Lesaka, Sunbilla, Legasa, Narbarte, Oronoz, Elizondo, Berroeta, Eratsun, Gartzaron... eta Luzaide, Faltzes eta Villabonara ere joan gara». Azken urteetan erraldoien topaketak antolatzeko «ohitura handia» dago eta Doneztebeko Konpartsak ere jarri nahi du hor bere alea: «ahal dugun heinean, gure erraldoiak plazaratzea gustatzen zaigu. Aurtengoan Kataluniara joateko gonbidapena ere jaso dugu, eta hantxe izanen gara urrian».

Erraldoien barrenean
Erraldoien kalejira bat egiten denean, ematen den pauso bakoitza neurtu behar izaten da: «erraldoia garraiatzeak ez du dantza egitea bakarrik suposatzen. Tarte batzuetan, kalejiran goazenean, ezker eta eskuin mugitzen gara, ikuskizunera etorri diren guztiei gure hurbiltasuna erakusteko. Bertze batzuetan, dantza egitea tokatzen da». Horretarako, ikasi egin behar: «Astean behin elkartzeko ohitura daukagu entseguak egiteko, eta bestak hurbiltzen direnean, astean pare bat aldiz elkartzea hobe izaten da, dena ahalik eta hobekien lotzeko». Entsegu horietan erraldoiak txandakatzen dituzte: «Batzuek hauek sorbaldan dituztela dantzatzen duten bitartean, bertzeek erraldoi gabe entsegua egiten dute».
Behin ekitaldiaren eguna ailegatzen denean, arreta behar den tokian izatea da gakoa: «erraldoia sorbaldan hartu eta honen pisua bertzerik ez duzu sumatu behar, inguruko guztiaz atzenduz». Bada, kontuan hartu beharreko bertze aldagai bat: «Haurren ingurura hurbiltzen saiatzen gara, baina beti ez dugu erantzun berbera jasotzen. Irriz hartzen ez gaituztenekin, distantzia mantentzen jakin behar dugu».
Etorkizuna
Konpartsaren oraina eta etorkizuna burutan dituzte eta horregatik, jendea konpartsara erakartzeko eginahalak egiten ari dira: «hainbat ekimen antolatu ditugu haurren eta helduen artean interesa pizten saiatzeko. Adibide gisa, herriko eskolara bisita egin berri dugu eta bertako haur guztiek izan dute erraldoiak sorbaldan hartzeko aukera».
Helduak ez dituzte albo batera utzi eta azpimarratu dute proba egiteko aukera edonork duela, adin eta sexu mugarik gabe: «Badakigu, kanpotik ikusita, jende aunitzi gibelera botatzen diola dantzan ez jakiteak, baina hona etorri eta probatuko balute, ikusiko lukete errealitatea bertzelakoa dela». Izan ere, taldean ikasten dute erraldoiak eraman eta dantzarazten: «Konpartsan sartzen den pertsona oro zerotik hasten da, eta bertzeen laguntzarekin ikasten du». Beraz, hortxe doa gonbidapena: «Nornahi da gai erraldoien konpartsan bere ekarpena egiteko. Interesa duen oro ongietorria izanen da».