Halako batean iritsi zitzaion berari ere aukera eta gustura ibiltzen da «soinua eta zarata nagusi» izaten den giro horretan: «herria handia da, kuadrilla aunitz elkartzen gara eta karrozak eta mozorroak pilaka izaten dira. Gainera, Doneztebeko inauteetan beti izaten da erokeria puntu bat: musika, antzerkia...».
Ortzegunean hasten dira inauteak, baina ortziraleko eskerako gordetzen ditu indarrak Asierrek: «goizeko zortzietan elkartzen gara gazteak ostatuetan. Kafea eta txupitoa hartu eta trikitilaria etortzean bi taldetan banatzen gara baserriz baserri eskean joateko». Baserrietatik bueltan segida izaten du bestak: «kotxeak utzi eta auzoz auzo kantuan ibiltzen gara». Eskean joateko geroz eta baserri gutxiago zeudela ikusita, herriko auzotarrei parte hartzeko proposamena egin zieten eta erantzun ona izan dute: «azken urteetan gehiagok parte hartu dute eta horrela eguna asko luzatu eta sortzen den giroa askoz politagoa da. Gainera, ortziraleko bazkaria kendu egin zen eta elektrotxaranga bidez arratsaldean egiten da poteoa». Kanpotik jendea ere erakartzen du giro horrek: «larunbateko desfileak eta ortzirale gauak dute indar gehiena, orduan biltzen da kanpotik ere jende gehiena».
Mozorroa izaten da ezinbesteko osagaia eta urtarrilean hasten dira prestaketekin, «Erregeak pasa eta hurrengo astean. Batzuetan mozorroa osorik erosi eta bertzeetan landu egiten dugu». Orain artekoetatik bat aipatzeko eskatutakoan, «Pikoloz, Dragoi Bolako pertsonaiaz» mozorrotu zirenekoa nabarmendu du: «arras gustuko genuen pertsonaia hori eta gainera gure lagun batek desfilean istripua izan zuen eta hori nekez ahaztuko dugu». Aurtengorako zer prestatu duten jakin nahi duenak, Doneztebera hurbildu beharko du: «etortzen dena ongietorria izanen da, baina gogoz etor dadila, gainerakoan kostako baitzaie gure martxa segitzea».