Inauteriak 2025

«Berezia da adin guztietako jendea inauterietan elkartzea»

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 22a, 10:00

Besta, kozinatzea, eta lagunekin egotea maite ditu Iker Urroz Iribarren Sunbillako gazteak. Administrazio eta finantzako goi mailako ikasketak bukatu, eta Arcelor-Mittal enpresan praktikak egiten aritu da, eta baita lanean ere: «Hagitz gustura egon naiz, aunitz ikasi dut eta lankideekin ere eroso sentitu naiz». 

Urtea hasi orduko inauteriei begira paratua da, izan ere besta gustukoa izaki, urteko bestarik maiteenak ditu inauteriak. Sunbildarrentzat inauteriak besta bereziak direla dio Urrozek: «Nahiz eta egun gutxi izan, hagitz giro polita sortzen da herrian, eta gainera, adin guztietako jendea elkartzea hagitz berezia iruditzen zait».

Oroitzapen politak
Haurra zeneko oroitzapenak ditu barrenean gordeak sunbildarrak: «Lagun guztiak elkartu eta Ulibeltzak elkartean txokolate beroa egiten genuen, eta ondotik, Agerralderekin dantzaldia izaten genuen».  Geroztik, momentu berezi aunitz bizi izan ditu inauterietan, baina argi dio: «Ezingo nuke bat aukeratu, urtero bereziak dira, eta urtero oroitzapen onak izaten ditut».

Bestan murgildua egunero
Gaur egun, inauterietako egun denetan hartzen du parte Urrozek: «Ilusio eta gogo aunitzekin bizitzen ditut. Orain, gaztea naizenez, eskean parte hartzen dut ortziralean eta larunbatean, eta igandean karrozen desfilean ateratzen naiz kuadrillakoekin».  Inauteriak, beraz, ortziralean hasiko ditu. Badira bi urte eskean ateratzen dela, eta egun «hagitz politak» direla dio: «Ortzirale goizean gosaritik hasten gara, eta gero bi taldetan banatuta eta baserrietara joaten gara, eta egun dena baserrietan eman ondotik, denak elkartzen gara berriz afaltzeko». Larunbatean ere eskean segituko dute, baina, kasu horretan herrian.

Eta igandean izanen dute egun haundia, desfilearena. Egun berezia izaten da, aitzinetik denbora aunitz ematen baitute prestatzen: «hilabete bat edo hilabete eta erdi lehenago hasten gara karrozarako ideiak prestatzen eta zer egin adosten, eta behin adostuta lehenbailehen dena prestatzen». Aurtengorako ere hasiak dituzte prestaketa lanak, nahiz eta oraindik sobera argi ez duten zer eginen duten azkenerako. «Beharrezkoa gauzak prestatzen hasi gara, karroak eta...». 

Inauteriz inauteri
Sunbillako inauteriak bukatuta, herriz herri ibiliko da Urroz lagunekin batera inauterietan, herri batzuetan desfileak ikustera, eta bestara bertze batzuetan. «Inguruko herrietako inauteri guztiak gustatzen zaizkit, baina niretzat gustukoenak Iturengoak, Arantzakoak, Doneztebekoak eta Lantzekoak dira».

Horien aitzinetik, ordea, mezu bat bidali die irakurle denei: «animatu denak Sunbillako inauterietara, giro ederra izanen dugu eta!». Proposamena egina da, beraz! 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun