Doneztebeko Osasun Zentroa

«Osasuntsuen gero eta eskaera gehiago ditugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 20a, 08:00

Malerrekako eta Bertizaranako kontsultategiak dira eskualdean lanpostu guztiak beteak dituzten osasun zentro bakarrak. Monica Martin Doneztebeko osasun etxeko zuzendariak baieztatu duenez, «plantilla konpleto» dute. Arazoak ordezkapenekin sortzen zaizkie, baina hortik aparte, zer hobetua badela uste du eta administrazioari eta herritarrei hainbat eskaera egin dizkie.

Malerrekako eta Bertizaranako herritarrei arreta emateko, goizeko txandan launa mediku eta erizain daude, eta larrialdietan hiruna mediku eta erizain. Hortik aparte, gizarte langilea dago eta lau administrari, erdiak lanaldi murriztuan. Psikologoa eta fisioterapeuta ere hurbiltzen dira Doneztebeko zentrora eta X izpietako teknikaria ere hor dute. Monica Martin Doneztebeko osasun etxeko zuzendariak «plantilla konpleto» dutela dio. «Arazoak oporretan ordezkapenak egin behar direnean bakarrik izaten ditugu» eta halakoetan «estresa sumatzen da eta batzuetan gure oporrak ordezkoa libre dagoen egunetara egokitu behar izaten ditugu». Baina gainerakoan, «baldintza onetan ari gara».

Bertze osasun eremu batzuetan duten pediatra faltaren arazorik ez dute gaur egun Malerrekako eta Bertizaranako 906 haurrek, nahiz eta horretatik pasatuak diren. Halako kasuetarako, «patologia akutuen kasuan, haurrak familia medikuak artatzea nahikoa» izan daitekeela uste du Martinek, «baina patologia kronikoen kasuan, segimendua behar denean, egokiagoa da pediatraren kontsulta».

«Egoera konplexua»

Lehen Arreta nola ikusten duen galdetuta, «egoera konplexua» dela erantzun du, eta «profesional faltaz» gain, bertze hiru arrazoi aipatu ditu Doneztebeko Osasun Zentroko zuzendariak: Alde batetik, honela adierazi du: «biztanleria gero eta zaharragoa da, eta horrek arreta handiagoa eskatzen du, batez ere landa eremuan, eta beraz, lan gehiago dugu». Bigarrenik, «osasuntsu dagoen herritarrek gero eta eskaera gehiago egiten dituzte: patologia arinak, ondoez psikologikoak, laneko arazoak… Eta horrek behar handiagoa duten adineko herritarrengana ailegatzeko aukera zailtzen digu». Eta azkenik «espezialistengana joateko itxaron-zerrenda luzeak» izan ditu hizpide: «Horiei buruz galdera eta erreklamazio aunitz izaten ditugu». Eta zer erraten die administrazioak? Bada «profesionalik ez dagoela, eta herritarrak euren burua zaintzera eta baliabideak ongi erabiltzera bultzatzeko» erantzuten omen die, baita «espezialistekin itxaron-zerrendak murrizten saiatzeko» ere.

«Azterketa eta berrantolaketa sakonaren beharra»

Osasun sistema publikoaren etorkizunari begira, Martinek «azterketa eta berrantolaketa sakona» eskatu du, «baliabideak birbanatzea eta herritarrek baliabideak hobeki erabiltzea». Eta horrekin batera, egoera hobetzeko, administrazioari hiru eskari egin dizkio. Lehenbizikoa, «osasun zentroen lana baloratzeko, herritarren arazo gehienei irtenbidea emateko eta gaixotasun konplexuak dituzten prozesuetan hurbileko arreta integrala emateko gai garelako»; bigarrenik, «baliabide egokiak bideratzeko» eta hirugarrena, «Nafarroan osasun arretaren etorkizunaz plan errealista egiteko, egungo biztanleriaren errealitatea kontuan hartuz».

Horrekin batera herritarrei begira jarri da eta haiei bi mezu bidali nahi izan dizkie: «Badira osasun zentroko edo ospitaletako arreta behar duten kasuak, baina denak gara gure osasunaren erantzule, garrantzitsua da norbere burua zaintzea eta ohitura osasuntsuak izatea. Bertzetik, osasun sistema publikoa zaindu eta errespetatu behar dugu. Aunitz kosta zaigu lortzea eta guttirekin galtzen ahal dugu. Herritarrek zerbitzua modu arrazionalagoan erabiltzen ez badute eta larrialdirik ez dagoenean berehalakotasuna eskatzen segitzen badute, egoera ez da hobetuko».

Zenbat dira euskaldunak?

Malerrekako osasun kontsultategietan, euskarazko eskakizuna dutenak hauek dira: goizeko lau mediku eta bi erizain, gizarte langilea eta administraria. Baina plantilla osoa kontuan hartuta, mediku bat eta administraria dira euskaraz ez dakitenak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun