Ainara Mindegia

«Eskualdean eta orokorrean Nafarroan pediatrak falta dira eta hori ezinezkoa da»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 20a, 11:00

Ainara MINDEGIA BALEZTENA Aurtitz

Gaur egun, Doneztebeko Osasun Zentroan duten osasun arreta «ona» da Ainara Mindegia Baleztena aurtiztarraren arabera. Aitortu duenez, «momentuz ez dut gabeziarik ikusten», nahiz eta ez duen atzendua 2019tik 2023ra pediatrarik gabe egon zirela. Osasun arretan zer hobetua ere bada bere hitzetan.

Gaur egun egoera bertzelakoa bada ere, Mindegiak oroitarazi bezala, Doneztebeko Osasun Zentroan «urteak pasatu ditugu pediatrarik gabe, ordezkapenekin, familia medikuekin, eta joan den urteaz geroztik, Jesus Perez dugu pediatra». Pediatriako plaza betetzeaz gain, Doneztebeko Osasun Zentroan X izpien zerbitzua paratu izana ere txalotu du: «Horrek aunitz aitzindu du, ez duzu Iruñera joan beharrik ez bada zerbait hagitz larria».

Baina osasun arretan zer hobetua ikusten du Mindegiak eta horren adibide, «espezialistekin hitzordua hartzeko dauden itxaron zerrenda luzeak» aipatu ditu: «Espezialistarengana Iruñera bideratzen dutenean, hilabeteak pasatzen ahal dira artatu arte».

Horrekin batera, «eskualdean eta orokorrean Nafarroan azken urteetan hainbat osasun etxetan dagoen pediatra gabezia» kritikatu du; «hori ezinezkoa iruditzen zait. Nafarroako osasun zerbitzuek Lehen Aretako medikuak falta direla erraten dute, baina ez dakit falta diren edo beraien egoera hobetu behar duten, pediatrek Nafarroako lanpostuak aukeratzeko eta horrela, pediatria zerbitzua bermatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun