Euskal Zine Bileraren Lehiaketan EITB Ikusleen Saria hartu du Ekaitz Bertizen lanak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 23a, 12:30

Euskal Zine Bileraren Lehiaketako sari banaketa egin zuten larunbatean, eta ikusleek emandako botoen bidez EITB Ikusleen Saria Ekaitz Bertiz Apezetxea sunbildarrarendako izan ziren. Hitza eman nion bere lanak bortzetik 4,41 puntu lortu zituen eta hala, beretako izan ziren Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Argazkiak: Rakel Goñi Lakar, Euskal Zine Bilera eta film laburretik hartutakoak.

Lekeitioko Udalak antolatzen du Euskal Zine Bilera eta aurtengoa 46. edizioa izan da. Larunbateko ekitaldian hainbat sari banatu zituzten: film onenaren saria, zuzendaritza onenarena, gidoi onenaren saria, gazte 22 saria eta azkenik, ikusleek emandako botoen bidez EITB Ikusleen Saria. Hain  zuzen hori izan zen Bertizek eskuratu zuena.

Sinopsia

Hitza eman nion lana 24 minutu eta 23 segundoko lana da eta honela dio sinopsiak: Teresa eta Martin 10 urteko bi anai-arreba, umezurtz gelditu dira beraien aitak bere buruaz beste egin ondotik. Honen harira, elizak Pilartxo izeneko neska gazte eta goxoa bidaltzen du hauen etxera umeak zaintzeko helburuarekin.

'Eklipse morala' lana ere saritua

Berriki, berriz, Madrilgo III. Actrum International Film Festen saritu dute Eklipse morala Bertizen lana, film laburren atalean. Hamazazpigarren mendean giroturiko film laburra da, garai hartan inkisidoreek erre zituzten sorginak gogoan egindakoa. Duela bi urte, Leurtzako urtegi inguruan aritu zen grabatzen eta aktore lanetan familiakoak eta lagunak izan zituen Bertizek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun