Hamazazpigarren mendean giroturiko film laburra da Eklipse morala, garai hartan inkisidoreek erre zituzten sorginak gogoan egindakoa. Duela bi urte, Leurtzako urtegi inguruan aritu zen grabatzen eta aktore lanetan familiakoak eta lagunak izan zituen Bertizek.
Baina ez da hori egin duen lan bakarra. Aurten Hitza eman nion film laburra ere ekoitzi du eta urriaren 19an, ortzegun honetan, Lekeitioko Ikusgarri Zineman estreinatuko dute, 46. Euskal Zine Bileran 20 film laburren artean berea aukeratua izan baita. Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean ere ikusgai izanen da urriaren 30ean. Aurtengo ilbeltzean Arantzan grabatu zuen Hitza eman nion: Garaiko bordan (bere amatxiren sortetxea), Beratsekun eta Putzubeltz inguruetan.
Ekaitz Bertiz zinemagile gaztea Tarrassako Escac zinemagintzako unibertsitatean gradua egiten ari da. Bere lehenbiziko lana, Eustakio film luzea izan zen, konfinamendu garaian landu eta 2021ean ezagutzera eman zuena. Geroztik, bere ikasketekin aitzinera egin du eta azken bi lanak aipatutako Eklipse morala eta Hitza eman nion izan dira. Euskara, euskal kultura, gure herriak eta paisaiak, lagunak, familiakoak… partaide izaten ditu bere lanetan.
Ikus-entzunezko mundu honetan gaztetxotik erakutsi du sormena eta trebetasuna eta bere ikasketekin batera, landu eta aberastu da bere jakintza.
Testua: Nerea Alzuri.