Ekaitz Bertiz Apezetxea

«Aktoreek izugarrizko lana egin dute, eurak dira protagonistak»

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 20a, 08:00

Konfinamenduan film bat egitea bururatu zitzaion Ekaitz Bertiz sunbildarrari eta ideia burutik paperera eta paperetik pantailara eraman ahal izan du lagun eta familiakoen laguntzaz.

Zinema munduarekiko zaletasuna eta laguntasuna uztartuz, Eustakio filma plazaratu du Ekaitz Bertiz Apezetxeak (Sunbilla, 2003). Otsailean hasi eta ekainera bitarte horretan aritu da buru-belarri baina emaitzak merezi izan du, «txukuna» izan delako. Egindakoarekin kontent dago, eta argi du bide hori duela gustuko. Hortaz, «heldu den ikasturtean zinema munduarekin lotutako ikasketak» hasiko ditu. Bitartean, ordea, ez da esperoan egonen: «Eustakioren bigarren atala ateratzeko gogoa dudanez istorioa idazteari ekinen diot laster».

Zer da Eustakio?

Azken hilabeteetan egin dudan filmaren izenburua da. Nire kuadrillako kideekin, hainbat lagunekin, lehengusu eta familiarekin atera ahal izan dut proiektua. Eurek dira pelikulako protagonistak. Ordubete eta berrogei minutuko film luzea da. 

Nondik heldu da izenburu hori?

Aunitzek galdetu didate. Ikarazko pelikula bat izanik, beti izan dut buruan attak ttikitan nola erraten zigun gaizki portatzen ginelarik anaia eta bioi: ‘Eustakio zakuarekin etorriko zaizue eta eramanen zaituzte’. Beti irudikatu izan dut mitologiako pertsonaia gisa eta horregatik filmari izen hori eman diot. Pelikulako gertakizunekin zerikusia du noski, baina jakin ahal izateko, ikusi beharko duzue. 

Nola bururatu zitzaizun ideia?    

Konfinamendu egoera zela eta, joan den neguan lagunekin film bat grabatzea bururatu zitzaidan. Lehengusuekin egin nuen lehenik eta lagunei erakutsi ondotik, ea eurekin bat egitea zer iruditzen zitzaien aipatu nien. Batzuek segituan baiezkoa eman zidaten, bertze batzuek, aldiz, hasieran dudak eduki arren, esperientzia polita izanen zelakoan proposamena onartu zuten azkenik. Gauzak honela, filmaren gidoia prestatzeari ekin nion. Ikarazkoa eta misteriozkoa izanen zela argi nuen, eta horregatik hainbat elementu traumatiko sartu nizkion testuari; urkaketak, desagertzeak...

Aitor Etxalar, Lorena Mariñelarena, Ion Mikel Gaztelumendi, Garazi Etxalar, Anne Etxarte eta Mikel Mariezkurrena dira filmeko protagonistak.

Nolakoa izan da prozesua?    

Grabatzen hasi aitzinetik, protagonistekin elkartu nintzen; gidoia leitu genuen, pelikula zeri buruz zihoan jakiteko eta bakoitza bere pertsonaiaren barrenean sartzeko. Otsailean hasi ginen grabazioarekin, eta maiatzean akitu genuen. Libre genuenean gauzatzen genuen proiektua (asteburuetan, Aste Santuko oporretan...). Denbora probestu ahal izateko, ez genuen ordenean grabatu filma; nahastuta egin genuen. Modu honetan, lagunak ez ziren grabazio egun guztietara etorri behar, bakoitzari tokatzen zitzaion egunean baizik. Hala ere, nahiko erraz lortu genuen, koronabirusaren egoera honi esker ez genuelakoz plan handirik. Denbora aurreztu ahal izateko, grabatutako zatiak ordenagailuan editatzen nituen grabazio egunaren ondotik (grabazio batetik bertzera aste bat edo gehiago pasatzen zelakoz normalean). Dena den, kamerak itzali ondotik, bertze hilabete pasa egon behar izan dut ordenagailuaren aitzinean gauetan filma akitu bitartean; planoak moztu, elkartu, irudiari kolorea moldatu, soinu efektuak jarri, musika... Azkenik, ekainaren 20an estrenatzea lortu genuen Doneztebeko zineman. Bertara, protagonistak, lagunak eta familia hurbildu ziren.

Zailtasunik izan zenuten?    

Nire sorpresarako, nahiko ongi atera genuen filma, arazo handirik gabe. Ikarazko istorio bat kontatu nahi nuenez, negu ilunean kokatu nahi nuen filma, eta horregatik hostoak arboletan atera baino lehen akitu behar genituen grabaketak; hostoak ateratzen hasiak ziren akitu orduko, baina hau itxaropen sinbolo bihurtzen da protagonisten ikara eta kezkei dagokionez. Bertzetik, aktoreei dagokionez, sekula antzerkirik egin gabe, kamera baten aitzinean jarri gabe... Izugarrizko lana egin dutela azpimarratu beharra dago. Emaitza txukuna izan da.

Filmeko irudi bat.

Zein da filmaren argumentua?    

Sunbillan kuadrilla bateko kideak kezkatzen hasiko dira mendian pertsona bat urkatua ikusten duten momentuan, baina arazo bat daukate: ez dakite nor den... Momentu horretatik aitzinera geroz eta gertakizun arraroagoak biziko dituzte, gauzak ez direlakoz uste duten bezalakoak… Nora (Garazi Etxalar), Danel (Mikel Mariezkurrena), Laia (Anne Etxarte), Aitor (Ion Mikel Gaztelumendi), Roxane (Lorena Mariñelarena), Ethan (Aitor Etxalar) eta Irati (Olatz Mutuberria) izanen dira euren inguruan gertatzen ari diren misterioak eta ekintza traumatikoak argitzen saiatuko diren pertsonaiak. Dena den, bertze hainbat aurpegi ezagun agertuko dira, horien artean, Garazi (Aroa Bertiz), Iraitz (Aritz Bertiz), Joana (Garazi Santesteban), Maialen (Amaia Arriaga)... eta ikuslearen sorpresarako utziko ditudan bertze batzuk. Filmaren trailerra Erran.eus atarian dago ikusgai.

Aitzinera begira, zein da zure asmoa?

Etorkizun hurbilean, zinemari buruzko ikasketak egiteko intentzioa dut; aurten izanen da nire lehen urtea. Orain arte, nire kabuz ikasi dudanarekin aitzinera atera izan ahal ditut filmak, beti izan baitut neure burua gainditzeko eta geroz eta lan ederragoak egiteko desioa. Modu honetan, eta nire lagunek nahi izanez gero, Eustakioren bigarren atala ateratzeko gogoa daukat, beraz, istorioa idazteari ekinen diot laster.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun