N-121-A errepideko obretan aste honetan izan den lan istripu hilgarria salatu du Doneztebeko Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 18a, 10:47

Doneztebeko Udalak kaleratu duen oharrean, «lan istripuak behin betiko desagerrarazteko hartu beharreko neurriak hartzeko eta nondik norakoak argitzeko» eskatu dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari.

«Elkartasuna eta atsekabea» adierazi nahi izan dio udalak asteartean N-121-A errepideko obretan, Kontxa gasolindegiaren parean, hil zen langilearen familiari, lagunei eta ondokoei. Eta horrekin batera, «lan segurtasuna bermatzea eta lan istripuak behin betiko desagerraraztea ezinbertzekoa» dela adierazi du oharrean. «Langile guztien lan osasunean eta segurtasunean aurrerapauso nabarmenak» eskatu ditu, eta lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia «zehatz-mehatz eta irmoki betearazteko» exijitu du.

Hori horrela, «administrazioarekin, erakunde sindikalekin eta patronalarekin batera lan arriskuen prebentzioaren aldeko praktika onen jarrera izateko eta bultzatzeko» deia egin die eragile guztiei. Eta «lan istripu hau salatzeko helburua duten ekimen eta adierazpenekin bat egiten» duela gaineratu du, baita herritarrei halako ekimenetan «parte hartze aktiboa egiteko» deia egin ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun