Atzo Donezteben izandako lan istripua salatu dute LABek eta ELAk

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 17a, 09:00

Langilearen gorpua lurrean zela enpresak lanean segitu zuela salatu du LAB sindikatuak eta ELAk gertatutakoa eta ardurak argitzeko «ikerketa sakona» eskatu du. Bi sindikatuek patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna salatu dute.

42 urteko langile bat hil zen atzo eguerdian Donezteben, N-121-A errepideko obretan, Kontxako gasolindegiaren ondoan, asfaltoa zanpatzeko makina batek harrapatuta. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, 67 lagunek galdu dute bizia aurten lanean Euskal Herrian, eta atzokoa 19.a da Nafarroan. ELAren arabera, berriz, 2022an 18 lagun hil dira Nafarroan lan istripuz, eta Euskal Herri osoan 68. ELAk gaineratu duenez, «heriotza horien arrazoi nagusiak altueratik erortzea, harrapatzeak, kolpeak eta asfixia izan dira, gehienak erabateko prekarietate egoeretan, eta enpresariek ezarri beharreko oinarrizko neurriekin erraz saihets zitezkeenak».

Bi sindikatuek salatu dute atzo gertatutakoa eta biek adierazi nahi izan diete babesa eta elkartasuna hildakoaren senideei, lagunei eta lankideei. «Kapitalismoak eragindako bertze laneko heriotza bat, bertze familia bat birrindurik, eta bertze drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez etxera itzuli», adierazi du LABek. Sindikatu horrek prentsara bidalitako oharrean dioenez, «LAB sindikatuko kideak obrara bertaratuta konprobatu ahal izan dugu, langilearen hilotza lurrean zelarik enpresak ez duela obra gelditu nahi izan eta 100 metrotara makinek lanean segitu zutela, deus gertatu izan ez balitz bezala».

ELAren hitzetan, «datu ofizialek baieztatzen dute Nafarroan Laneko Arriskuen Prebentzioa ez  dela egiten edo paperean gelditzen dela. Enpresek lehentasuna ematen diote produkzioari arriskuak murrizteari eman beharrean, eta errentagarriago ateratzen zaie legea ez betetzea prestakuntzan, segurtasun prozeduretan eta babes ekipamenduetan inbertitzea baino». Hori horrela, galdera hauxe egin dio ELAk patronalari: «etekinak pilatzen segituko du isilik dirauen bitartean?».

LAB sindikatuari «ulertezina» egiten zaio «gaur egun edozein obratan eta are gehiago promozio publikoko obra batean, horrelako istripuak izatea. Obretako arriskuek koordinatzaile eta baliabide prebentiboaren figura exijitzen dute». Eta horren harira oroitarazi du, «ezin zaiola langile bati rodillora edo edozein gailu mugikorrera hurbiltzen utzi. Horretarako daude figura horiek eta finkatutako lan osasuneko protokoloak». Bide beretik, LABek argi utzi nahi izan du «patronalak, guztiaren gainetik, lan osasun sistema integralaren funtzionamendua bermatu behar duela, eta zer erranik ez promotorea Nafarroako Gobernua bera denean. Bistan da, neurriak ez direla hartu».

Nafarroako Gobernuari zuzendu diete mezua bi sindikatuek. LABek, «azalpen luzeak eta zabalak» eskatu dizkio gobernuari, eta «behingoz, patronalari lan osasuneko betebeharrak betearazteko» exijitu dio. ELAren iritziz, berriz, «aholkularitza eta kontrolerako baliabide publikoak ez dira inolaz ere nahikoak». Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eta Lan Ikuskaritza «baliabide faltagatik kolapsatuta» daudela salatu du, eta «Nafarroako Gobernua bertze aldera begira» dagoela, «arreta desbideratzen, eta langileei arduraz jokatzeko deia eginez».

Ezbehar tasa geldiaraztea «erantzukizun kontua» izateaz gain, «borondate kontua» dela dio ELAk, «eta zoritxarrez, patronalak eta gobernuak ez dute benetako borondaterik egoera aldatzeko».

Egoera ikusita, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute bi sindikatuek. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek deituta kontzentrazioa eginen dute bihar goizean, azaroaren 18an, Iruñean. Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez! lelopean 11:00etan Nafarroako Jauregiaren atarian bilduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun