Sunbillako santiburtzio bestak hasteko momentu polit eta hunkigarriak bizitzeko aukera izan zuten Sunbillako udaletxean. Pasatu ditugun azken bi urte hauen ondotik, osasunari garrantzia eman eta orain bi hilabete egindako osasunaren besta zela eta osasun arazoak dituzten guztien izenean, omenaldi ttiki bat egin zitzaien Aroa Bertiz Juanenea eta Niebes Biurrarena Maiari. Udaletxeko ordezkariek, Ixarok eta Estherrek, herriko zapia jarri zieten. Ondotik bestei hasiera eman zien suziria botatzeko aukera izan zuten Aroak eta Niebesek. Pozik eta emozioz biek elkarrekin Gora Sunbildarrak, Gora Sunbilla eta Gora Santiburtzio oihukatuz hasiera ederra eman zioten bestei. Jarraian Elutxa txaranga, erraldoi, buruhaundiak eta Elizondoko gaiteroek alaiturik herrian giro ederra eskeini zuten.
Kartel lehiaketako irabazleei sariak
Aitzinetik, kartel lehiaketan arituak izan diren Estitxu Arretxea Rodriguezi (14 urtez goitiko kategorian) eta Iraide Iriarte Petrirenari (14 urtez beheitiko kategorian) sariak eman zizkien Amets Inda Gorriaran alkateak.
Herri kirol jaialdia
Oraindik lehenago, herri kirol proba ederra ikusteko aukera izan zen frontoian. Bertan, herriko hiru gazte taldeek parte hartu zuten: talde txuria (Iñigo Arrieta, Julen Juankorena, Xabier Mariezkurrena, Garazi Etxalar, Jon Aranbillet, Eneit Bertiz, Aimar Lastiri, Esti Gastearena eta Amaia Gartzia), gorria (Eneko Herrera, Ibai Apeztegia, Jon Mikel Gaztelumendi, Nagore Madariaga, Aitor Etxalar, Ekaitz Bertiz, Asier Antuña, Unai Bereau eta Haritz Bereau) eta beltza (Sara Sanzberro, Ander Oskoz, Koldo Herrera, Josune, Jon Iriarte, Iraitz Aiesa, Oier Aldabe, Unai Bertiz eta Gorka Antuña). Egin beharreko proba: koxkorrak (15 koxkor kendu, paratu eta kendu), txingak 2 plaza, zakuarekin bi pertsonak buelta bana, lasterka 2 pertsonak bina buelta, ingudeari 25 altxaldi eta azkenik arpana 3 korte. Azkenean talde beltza nagusitu zen, gorria bigarren izan zen eta txuria hirugarren.
Gaur egun handia
Santiburtzio egun handia da gaurkoa. Goiz osoan LGTBI+ informazio gunea paratua dute eta goizean goiz argi soinuak izan dituzte gaiteroekin. Hamaiketako meza ondotik Sunbillako dantzarien emanaldia izanen da. Arratsaldean, toka eta boneta eta zapatil jaurtiketa txapelketak jokatuko dituzte. Ondotik dantzariak ariko dira plazan eta muxikoak izanen dira. Arratsean zezensuzkoa eta dantzaldia Laiotz taldearekin.