Bi urteren ondotik berriz ere Ramon Latasa Saria eginen dute Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 10a, 20:00

Ramon Latasa sariaren hemeretzigarren edizioa eginen dute abuztuaren 13an Sunbillan, bi urteko geldialdiaren ondotik. Aizkolari beteranoek izanen dute lehiarako aukera aurten ere.

Abuztuaren 13an eginen dute hemeretzigarren edizioa eta aizkolari eta harri-jasotzaileen artean hemezortzi kirolari ariko dira lehian

Pandemiarengatik bi urtez antolatu gabe egon ondotik, Ramon Latasa Saria eginen dute berriz ere aurten. Abuztuaren 13an jokatuko da hemeretzigarren edizioa Sunbillako pilotalekuan, 19:00etan. Bertan, zortzi aizkolari onentsuenak ariko dira Ramon Latasa aizkolari handia izandakoaren oroimenezko lehiaketan. Gainera, berritasun bat ere izanen du aurtengo edizioak: gizonezkoez gain, emakumeen  binakako  aizkora erakustaldia izanen da.

Aurtengoa ere jaialdi handia izanen da, Ramon Latasa historiako aizkolari onenetako bat izan zenaren  oroimenez eginen dena.

Lau bikote hauek lehiatuko dira: Aitzol Atutxa eta Eneko Otaño; Iker Vicente eta Jon Irazu; Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo leitzarra eta Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ eta Ugaitz Mugertza.

Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu.

Beteranoak eta emakumeak aizkoran

Ekitaldi berean, aizkolari beteranoen arteko desafio berezia izanen da. Donato Larretxea aranaztarrak eta Migel Mindegia zubietarrak Angel Arrospiderekin eta Jose Ugartebururekin neurtuko dituzte indarrak. Bikote bakoitzak seina enbor moztu beharko ditu; lau kana erdiko eta bi 45 ontzako.

Ikusleek emakumeen arteko aizkora-lehia ikusteko aukera ere izanen dute. Nerea Sorondo eta Uxue Ansorregi, Irati Astondoa eta Laine Pikabearen aurka ariko dira. Bikote bakoitzak metroko lau enbor moztu beharko ditu.

Harri-jasotzaileak ere

Aizkoran ez ezik, harri-jasotzean ere izanen da lehia, Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.aren artean. Bi minutuko bi txanda eginen dituzte eta bi harri erabiliko dituzte: 138 kiloko kubikoa eta 175 kiloko zilindroa. Irigoienek hiru altxaldiko abantaila emanen dio bere aurkariari. Ikuskizun bikaina espero da bi harri-jasotzaile handi hauengandik.

Sunbillako pilotalekuan biltzen diren zaleek izanen dute zer gozatua, jaialdian arituko diren hemezortzi kirolariek duten guztia ematera plazaratuko baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun