Erreka dantza taldeak piztu du Doneztebeko bestetako txupinazoa

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 29a, 08:00

Ainhoa San Miguel taldekidea izan da lehen suziria piztu duena eta, bi urteren ondotik, dantzan paratu du herri osoa.  Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Bi urtez ospatu ezinik egon ondotik, atzo arratseko zortzietan abiatu ziren Doneztebeko San Pedro bestak. Erreka dantza taldeko neskak izan ziren txupinazoa botatzeko ardura izan zutenak eta, taldearen izenean, Ainhoa San Miguelek piztu zuen lehen suziria, bestei bidea emanez. Doneztebeko udaletxetik aipatu zuten bezala, Erreka dantza taldea izan da bestetako suziria piztu duena, «egindako eta eginen duzuen lanarengatik, herritar aunitzen eskariz eta duela bi urte zapuztu zen hamargarren urteurrena goxatzeko».

Gaur egun handia

San pedro egun handia ospatuko dute gaur Donezteben. 09:00etan dianak gaitero eta txarangarekin. 11:00etan meza nagusia, 'Agur Doneztebe' eta Trapatan eta bandera dantza. Elutxa txaranga eta gaiteroak herritik barna. 12:00etan buruhandiak. 13:30ean luntxa udaletxe azpian. 17:00etatik 19:00etara haurrentzako tailerra eta ihes gela eskolako patioan. 17:45ean Ezkurra frontoian Erreka elkarteko pilotari gazteak eta pilota partida: Bengoetxea VI- Erasun Elizalde-Urruzolaren kontra. Sarrerak 5 eurotan (ANELA elkartearentzako). Ondotik txistorrada Santa Luzia plazan. 20:00etan dantzaldia Gabezin taldearekin. 22:15ean Erreka dantza taldearen ikuskizuna Bear Zanan. 00:30ean dantzaldia Gabezin taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun