Donezteben aspaldikoa da dantzarien tradizioa, euskal dantzak, Trapatan dantza bera... baina duela hamabi urte indarrez sortu zen Erreka Dantza taldea. Une eder aunitz eskaini dizkigute: Udako ikuskizunak, gabon gaueko dantzak, Mendi Abesbatzarekin batera eginikoak, Doneztebeko plazatik hasi eta telebistako pantailetara... «Horregatik, egindako eta eginen duzuen lanarengatik, herritar aunitzen eskariz eta duela bi urte zapuztu zen hamargarren urteurrena goxatzeko, Erreka Dantza Taldea izanen da Doneztebeko bestetako suziria piztuko duena», Doneztebeko udaletxetik jakinarazi dutenez.
Erran beharrik ez da, Erreka dantza taldekoek «Ilusionatuak eta gogotsu» daude lehen suziria pizteko. Gainera, txupinazoa nork bota herri bozketa bidez erabaki da eta horrek ere «ilusio handia egin digu, herriak guretan pentsatzea eta gure lana baloratzea».
Erreka dantza taldean parte hartu duten taldekide gehienak izanen dira herriko etxean, gaur arratsaldean Doneztebeko herriko etxean, 20 eta 37 urte arteko emakumeak guztiak: Laura Apeztegia, Izaro Martin, Olatz Jorajuria, Amaia San Miguel, Ainhoa San Miguel, Oihana San Miguel, Ainhoa Jorajuria, Maider Jabalera, Elena Zabala, Lorena Juanena, Amaia Jorajuria, Uxue Ibarrola, Itxaso Estanga, Andrea De Rueda, Izaro Aldabe, Inma Ibarrola, Goretti Lana, Janire Iriarte, Maite Urreaga, Idoia Zamorano, Maialen Zamorano, Lorena Almandoz, Josune Gago, Nerea Matxiñena eta Maitane Larretxea.
Txupinazoa botatzeaz gain, bertze lanak ere izanen dituzte bestetan… San Pedro egunean, arratseko dantza jaialdi berezi horrek ikusmina pizten du beti. «Bestetan egiten dugun emanaldia bereziena da guretzat eta gogotsu, ilusioz sortzen dugu –aipatu digute–. Emanaldi hau prestatzeko urte osoa pasatzen dugu entseguetan. Gainera, bertan ikastaroko dantzarien laguntza izaten dugu, musikariena, mutilak ere animatu egiten dira eta herrian jendearen aldetik erantzun polita jasotzen duen emanaldia izaten da».
Baina arratseko jaialdiari esperatu gabe, San Pedro eguneko dantza «ofizialetan» ere aritzen dira hainbat taldekide: «Bai aritzen gara, gustura. Herriko dantza ofiziala da eta mantendu beharrekoa. Gure emanaldian bertze herritako edo inguruetako dantza tradizionalak dantzatzeaz gain, guk modernoa deitzen diogun bertze zatian guk sortutako dantzak egiten ditugu».
Hamargarren urteurrena ezin ospaturik, 2025eko hamabosgarrenari begira
Duela bi urte, 2020ko apirilerako, hamargarren urteurreneko prestatzen ari zirela bete-betean jo zuen pandemiak eta ez zuten urteurrena ospatzerik izan eta horrek penatuak utzi zituen. Taldekideek dioten bezala, «arras penatuak, lan aunitz egin genuen hamargarren urteurrena prestatzeko eta aitzinera eramateko baina azkeneko momentuan bertan behera gelditu behar izan zen. 2025. urtean, hamabosgarren urteurrena ospatzeko intentzioarekin gaude».
Halere, bi urte hauetan ez dira geldirik egon noski, eta «pandemia garaian ezin dantzarik egin, baina Erreka dantza taldeak kideen artean bideo bat sortu genuen».
Orain, normaltasunean, larunbat goizetan elkartzen dira entseguak egiteko, Naikari Galarraga irakaslearekin, baina «egia da San Pedro eguna hurbiltzen den heinean entsegu kopurua ere handitzen dugula».
Pandemia aitzinetik, duela hiru urteko azken txupinazoa eskubaloi taldekoek bota zuten, liga irabazi eta gero, eta orain, pandemia ondotik, dantza taldekoek… Bistan da Donezteben garrantzi handiko elkartea dela Erreka elkartea. Dantza taldeko neskek dioten moduan, «Erreka inguruko jende aunitzi hainbat kirol modalitate praktikatzeko aukera ematen dion elkartea da, bai eskubaloia, pilota, judoa, erremontea... baina baita dantzak ere. Honen gibeletik jende aunitz eta lan aunitz dago, beraz bai Doneztebeko jendearentzat bai ondoko herrietatik etortzen direnentzat garrantzitsua da».
Baina dantzaz aparte, San Pedro bestetan gustuko bertze ekitaldi aunitz dituzte. Maider Jabalera taldekideak dioenez, «txupinazo eguna berezia izaten da, jendea gogotsu eta bestak hasteko irrikitan egoten delako. Hala ere, nik uste bereziena edo gustukoena herrian sortzen den giro herrikoia dela, bai haur, bai gazte, baita helduen artean ere. Dantza taldekoek bakoitzak bere kuadrilla dauka, hala ere urteroko tradizioa galdu gabe emanaldiaren ondoren elkarrekin trago batzuk hartu eta besta ederra botatzen dugu elkarrekin».