Zubietan ere etxean geldituko dira joaldun eta mozorro gehienak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 2a, 08:00

Igor Babaze, Gorka Fuentes eta Josu Santesteban, Zubietako plazan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Inauteri Asteartea egun handia izaten da Zubietan, bertako plazara biltzen baitira Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunak. Aurten, ordea, ez da joare soinu eta mozorroen zalaparta handirik izanen. Nahiz eta, joaldunek onartu duten bezala, «bakarren bat beti izaten da zalaparta pixko bat ateratzeko». Beti ere, segurtasun-neurriak eta tarteak errespetatzea, bertze edozein lekutan baino errazagoa delakoan.

Igor Babaze Baleztenak, 41 urteko Zubietako joaldunak, lau urterekin jantzi zituen lehen aldiz joareak. «Errege bezperan hasten dira ttikienak Zubietan eta orduan hasi nintzen ni ere», dio.

 

Igor Babaze: «Astelehenean joaldun Iturenera eta asteartean mozorro Zubietako plazan»

Geroztik urtero atera da joaldun, baina baita mozorro ere: «Niri biak gustatzen zaizkit eta mozorroek ere garrantzi handia dute Zubietan. Normalean, astelehenean joareekin ateratzen naiz eta asteartea mozorro-eguna izaten da Zubietan. Niri hala gustatzen zait». Iturenera joateko, astelehenean, beti joareak jantzi izan ditu: «Orain aldatu da eta joaldun asko elkartzen gara astelehenean, baina duela urte batzuk ez ziren hainbeste izaten. Asteartean herriko plazan xaltxa pixko bat jartzen saiatzen gara». Joaldun edo mozorro, zer nahiago duen galdetzerakoan abudo erantzun digu: «Astelehenean joaldun eta asteartean mozorro. Joaldun aterata asko nekatzen da, baina ez pentsa, mozorro bezala ere paliza ederrak hartuak ditut».

 

Modu batean edo bertzean atera, inauteriek zubietarrei sortzen dien sentimendua hitzez esplikatzea zail egiten zaio Babazeri: «Ttikitatik izan dugun gauza bat da eta joareek zerbait berezia daukate. Guretzat garrantzitsuak dira eta kanpora begira ere ikusmin handia sortzen dute. Nabari da zerbait berezia dela. Aditu asko daude inauteriei buruz ikasi dutenak, baina inork ez daki zehazki bere jatorria, noiztik heldu den edo zergatik hasi zen… Urte hauetan guztietan mantentzeak bere xarma badu. Barruan dugun zerbait da, baina esplikatzen zaila. Ttikitatik hasten zara eta pixkan-pixkan harra sartzen joaten da».

Aurten ezin dute atera eta horrek «pena izugarria» ematen dio Babazeri. Ituren eta Zubietako udalek elkarlanean ateratako bideoa ikusita «hunkitu» dela ere onartu digu. «Baina lehenbiziko gauza osasuna da, inauteriak gero ere izanen dira eta, azkenean, aurten ez da inauterietarako urtea. Batzuk osasuna galtzen ari dira, beste batzuk lanpostua… horiek denak ikusita urte batez inauteririk gabe egon gaitezke».

Astelehen eguerdian Iturenen eta asteartean Zubietako plazan izaten den xaltxa hori izanen da faltan gehien sumatuko duena, «baina zubietarren kasuan, estalpean ematen ditugu inauteri guztiak, larunbatean afariarekin hasi eta asteazkeneko afarira arte ez gara hortik ateratzen, eta otorduak eta mahai inguruko solasaldi horiek ere ez ditugu izango».

Inauterietako seinale handirik ere ez dela izanen uste du Babazek: «Beste urtetan jendeak oporrak hartzen ditu, baina aurten ni behinik behin lanera noa eta jende gehiena igualtsu. Baina zerbait izanen da, han edo hemen, momentu batean edo bestean joare soinua adituko da, hori ez da faltako. Nere ustez otordurik ez da izanen, baina joareren bat edo mozorroren bat aterako da, dudik ez dut. Kanpoko jenderik ez bada etortzen, problemarik ez da».

Bera ez da askorik kanpora ateratzen joaldunekin eta aurten besteak ere ez direla aterako uste du: «Kontu honekin urte gehientsuena joango zaigula iruditzen zait, eta ikusiko dugu heldu den urtean ea posible den. Espero baietz, bertzela ez zen seinale ona izanen!».

 

Josu Santesteban: «Joareak zilintzan ikusita gogoa pizten da»

Josu Santesteban Grajirena, 36 urteko Zubietako joalduna ere txikitan hasi zen joareak astintzen: «Lau urterekin lehenbiziko aldiz bi pulunpa ttiki jarri ninduten eta badut orduko argazki bat ere gordea. Orduz geroztik, joareekin edo mozorro urtero-urtero atera naiz, beti zerbaitere. Bat edo beste, «ez da aurretik planeatzen dugun zerbait, soziedaden elkartu eta ‘badiat zerbait prestatua!’ eta horrela plantatzen gara. Mahai-inguruko giroak ere badu zerikusia, ondoan nor suertatzen zaizun…», aipatu digu Santestebanek.

Joaldun ateratzeak «sentimendu handia» sortarazten dio Santestebani, «ttiki-ttikitatik egin dugun zerbait da, beti jo ditut joareak, aitak ere jotzen ditu, etxean betidanik ikusi dugun zerbait da, betetzen gaituen zerbait da. Mozorro ere bai ateratzen gara, baina lehenxeago nekatzen zara, beti karrakiloka eta istorio ibiltzen zara, kolpe bat egiten duzu eta erretiratu… orduan, joare soinua sumatzen duzunean txirrinta hori sartzen zaizu, barrenean korapilo bat egiten zaizu».

Aurten inauteririk gabe, ez joaldun ez mozorro ezin ateri, «penaz» dago zubietarra. «Guk ez dugu inauteririk gabeko urterik ezagutu, ez dakit behin ere tokatu den… igual gerra denboran edo izango zen urteren bat, baina ez dakit… Aurtengoa penarekin pasatu beharko dugu eta ea abudo xamar moldatzen den kontua. Aurtengoa ezinezkoa da, eguerdi partean sortzen den zalaparta eta jende pilaketa hori ezin liteke egin egoera honetan, otorduak eta istorio…».

Joare eta mozorroez gain, Josu Santestebanek estalpeko otorduetako giroa ere faltan izanen du: «egun horietan gure etxea hori izaten da, familia haundi bat bezala gara, otordu guztiak, gosari, bazkari eta afari hor egiten ditugu, jende askorekin egoten zara, akordeoilaria ere hor izaten dugu, giro espeziala da…».

Egoera hobetuko balitz, kanpoko jaialdiren batera ere joareekin joateko prest egonen litzateke Santesteban, «aukera izanez gero, berriz ere elkartu eta joatea polita litzateke. Joareak hortxe ikusten ditut zilintzan eta gogoa pizten da. Guretako soinu berezia du eta hori berriz entzuteko gogoa dugu. Joan den urtean juxtu-juxtuan salbatu ginen eta ongi probestu genituen. Heldu den urtean doble eginen dugu!».

 

Gorka Fuentes: «Heldu den urtean doble egitea zail izanen dugu, inauteriak beti topera bizi ditugu eta»

Gorka Fuentes Mugika, 43 urteko zubietarra hartzain jantzita ageri zaigu, baina gehienetan joalduna atera izan da. «Gerritan kolpe kozkor bat hartu eta urte pare batez hartzain izana naiz, baina gainerakoan joaldun ateratzen naiz ttikitatik. Hori gorputzak eskatzen duen zerbait da, barrenean daramaguna. Mozorro guttiagotan atera izan naiz».

Inauterien inguruan eta batez ere joaldun ateratzearen inguruan dena berezia iruditzen zaio: «lehenbiziko gosaria gustura egiten duzu, gero joareak jantzitzeak ere, tripa pixko bat estutu beharra duzu, baina badu bere xarma eta gero joareak jotzen ateratzea, izugarria da». Aurten ezin izanen ditu sentsazio horiek bizitu. «Aspaldian bagenekien ez genuela inauteririk izanen, joan den azarorako hartu zuten erabakia bi udalek eta hasieran pentsatzen genuen erraz pasatuko genuela, baina inauteri garaia hurbildu ahala pena gehixeago». Larunbatean hasi eta asteazkena arte «inauteri guztiak lagunekin pasatzen dituzulako dira bereziak, larunbatean hasi eta azkenera ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, jendearekin solasean, eta horiek denak gogoan ditugu aurten. Baina garbi genuen ez zela posible izango». Hemen ez da deus aurretik planeatzen inauterietan, baina pentsatzen dut bakarren bat mozorroarekin aterako dela, bertzeren bat joarea jotzen…soinu pixko bat ateri, seinale gisara. Ez dakit deus, baina pentsatzen dut baietz. Karrikara atera gaitezke, norbere maskarilarrekin ateraz gero, herrian buelta bat eman… Corte Inglésen baino errazagoa izanen dugu hemen distantziak mantentzea!». Heldu den urtean, «hau dena bukatzen bada» inauterietarako gogo handia izanen dela uste du Fuentesek, «baina doble egitea zaila izanen da, topera egiten ditugu eta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun