Joare soinurik ez da sumatuko gaur eguerdian Iturengo plaza inguruan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 1a, 08:00

Egoitz Gorosterrazu joaldunen batzordeko burua eta Jabier Bereau, 50 urte baino gehiagotan joaldun ateria eta Iturengo alkatea Iturengo plazan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Arduraz jokatzeko garaia dela aipatu digu Jabier Bereau alkate eta joaldunak eta Egoitz Gorosterrazu, joaldunen batzordeko buruaren erranetan, «Franco garaian suspenditu ez zena, bitxo honek lortu du aurten».

Jabier Bereau Mikelarena Iturengo alkatea izateaz gain, joaldun da 50 urte baino gehiagoz. 63 urte ditu eta aurrejubilazioa hartua du Legasako fabrikan.

Bereauk aipatu digunez, «joare ttikiak jantzita ttikitan hasi nintzen, duela 50 urte baino gehiago eta Joaldun handiekin 17-18 urterekin hasi izanen nintzen, duela 46 urte beraz. Eta geroztik urtero-urtero atera naiz joareekin, ez dut garanik ere galdu. Soldaduskako denboran ere baimena eskatu eta etorri nintzen. Denak harrapatu ditut. Aurtengoa hutsa izanen da galtzen dudana. Gazteagoa nintzenean mozorro ere ateratzen nintzen astelehenean Iturenen eta asteartean joareekin joaten nintzen Zubietara. Baina gero, adinarekin, beti joareekin. Baina duela lauzpabortz urte berriz ere mozorrotu ere egin nintzen. Adinarekin indarra galtzen joaten zara eta mozorro guttixeago nekatzen denez, atera nintzen mozorro bai, eta duela hiru urte edo hartzarena ere egin nuen. Denetik egin dugu, baina gehiena joaldun».

Jabier Bereau: «Joaldun denari joareekin ibiltzea gustatzen zaio»

Jabier Bereauk dioenez, hagitz berezia da joareekin ibiltzea: «Joalduna denari joareekin ibiltzea gustatzen zaio. Mozorrotzea gustatzen da, baina joareekin ibiltzea gehiago. Joareekin ibiltzerakoan gehien gustatzen zaidana da herritarren artean ibiltzea, egun handitako masifikazio horretatik aparte, herrian buelta bat ematen ari zarenean, adineko jendea leihoetara ateria ikusten duzunean eta guk jende hori saludatzen dugu… horrek sentimendu berezi bat sortzen du, hori da sentsazio politena eta handiena guretzat, tarte horiek dira ederrenak. Neretzat bai behinik behin eta pentsatzen dut bertzeentzat ere. Astelehenean ere izaten da hori, baina goizean, puska biltzen ibiltzen garenean. Eguerdi partean jendeketa handia izaten da. Jendetza horren artean ere ibiltzen zara eta harrotzen zara, baina ez da sentsazio berdina».

Aurten inauteririk gabe pena izugarria dute Iturenen. «Gazteek pena dute joareekin ezin direlako ibili –dio alkateak–, baina baita ere besta ez dutelakoz egiten ahal. Gazteendako hori ere bada. Guk ere egiten dugu besta pixko bat, baina joareekin ezin ibiltze horrek izorratzen digu gehiago. Adinean goiti goaz, baina oraindik badugu joareekin ibiltzeko desioa».

Herritik kanpo ere ibiltzen dira joaldunak, «aunitz ibiltzen gara bai, nahi duguna baino gehiago. Auniztan jendea falta izaten dugu, lana dela… Kanpotik aunitz deitzen gaituzte, Frantzia aldean, Ameriketan ere ibili izan gara, duela lau bat urte Washingtonen… Baina aurten ez da posible izanen, dena atzera bota dute, geldirik gaude».

Azaroaren 25ean hartu zuten Ituren eta Zubietako udalek aurtengo inauteriak bertan behera uzteko erabakia eta egoera kontuan hartuta bertzerik ezin zela egin aipatu digu Jabierrek: «Instituzio bezala lan hori egin beharra daukagu, jendea kontzientziatu inauteririk ez direla izanen, erraz kutsatzen den birusa da, hori da problemarik handiena, eta ezin dugu jende-pilaketarik sustatu. Zaindu beharra dugu. Horixe da tokatzen zaiguna».

«Instituzio bezala lan hori egin beharra daukagu, jendea kontzientziatu inauteririk ez direla izanen»

Inauteriak joaldunak baino gauza gehiago ere badira. Alkatearen erranetan, «politena elkartasun hori da, herriko etxeko ganbaran elkartzen gara denak, gosaritik hasi, bazkaria, afaria… Inauteriek gauza aunitz badituzte. Besta egitea ez da juerga egitea bakarra, denak mahaian jarri eta lagunartean gustura solastatzen duzu, gustura egoten zara… Azkenean 15 otordu egiten ditugu, etxetik kanpo. Etxera lo egitera bakarra joaten gara. Beti konpleto egin dut hori, inauterietako otordu guztiak etxetik kanpo. Besta egiten duen jendeak, pixka bat moxkortu eta biharamunean ondorio pixka bat izaten du, eta igual ez da otorduren batera agertzen, baina ni zaintzen naiz eta normalean otordu guztietan izaten naiz. Hori ere gauza polita baita».

Errege bezperatik hasten dira inauteri usaina sumatzen Iturenen, joareak jantzi eta puska biltzen hasten dira. Aurten ere izan da horrelako seinalerik eta egunotan ere zerbait izan daitekeela urte du Iturengo alkateak. «Ostatuko terrazak irekiak daude, hor lau lagun elkartzen ahal dira gosaritxo bat egitera… Ni ere igual animatuko naiz, inauterietako nolabaiteko seinalea egitera, gosari bat egitera, zapi bat paratu lepoan… hurbileko jendearekin. Buelta bat eman eta etxera. Talde handiak toki itxitan ez elkartzea zaindu behar da, hor dago arriskua. Eta kanpoko jendea ez bada etortzen, ez da arriskurik izanen».

«Heldu den urtean berriz ere inauteriak ospatu nahi ditugu, amesgaizto hau akitzea espero dugu»

Heldu den urtean berriz ere inauteriak ospatu nahi ditugu, amesgaizto hau akitzea espero dugu, ea egia den. Eta lehenago akitzen bada, hobe. Irailean Joaldunen Eguna izaten dugu, horretara ere ongi ailegatzen bagara, zerbait eginen da. Inauterietarako gogoa ez da inoiz joaten, ezta zahartuta ere.

 

«Francok suspenditu ez zuena bitxo honek suspenditu du»

Egoitz Gorosterrazu Elizagoien, joaldunen batzordeko buru da Iturenen. 28 urte ditu eta gasolindegiko langilea Donezteben, baita bertsolaria ere. 16 urte zituenetik ateratzen da joaldun. «Hamasei urtera arte mozorro ere ateratzen nintzen, baina geroztik, inauterietako astelehenean behintzat beti joaldun. Bertze egunetan tokatzen dena, umorearen eta lagunartearen arabera. Bi egun handitan nola atera behar dugun erabakixea izaten dugu eta bertzeetan momentuaren arabera. Nekagarria izaten da joaldun ateratzea, aurreko eguneko besta dela, hainbertze estutu eta gauza… nekagarria da, baina, gustuko bidean, maldarik ez… Joaldun ateratzea arras berezia da, ttikitatik ikusi eta bizitu duzun ohitura baten parte sentitzen zara. Neretzat Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunak Latsagako zubi inguru horretan biltzen garen momentu hori da hunkigarriena eta gero plazan denek elkarrekin egiten dugun itzulia… edo Zubietan sartzen garenean eta plazan ibiltzen garenean», dio Gorrosterrazuk.

Aurten, inauteririk gabe, «tristura handia, pena kristona» sentitzen du. «Baina ez da bertzerik, osasuna da lehenbizikoa eta aurten honek ez du bueltarik. Guretzat  hauek urteko egunik politenak izaten dira, herriko bestak baino handiagoak… Gainera, beti aditu izan dugu Francoren garaian ez zela urte batean ere suspenditu eta orain bitxo honek geldiarazi duela… haserrea eta pena, baina horrela dago kontua!».

«Herriak sortzen den giro berezia ere faltan sumatuko dut»

Joaldun ateratzeaz aparte, «herrian sortzen den giro berezia» ere faltan sumatuko du Elizagoienek: «zahar eta gazte, neska eta mutil, denak batera… zure kuadrillarekin ez bada bertze batekin ibili eta igual-igual zaude, dantza, karrozak, besta… Inauteriak joareak baino aunitz gauza gehiago dira eta aurten denak botako ditugu faltan». Kanpoko otorduren bat edo bertze hutsegiten duela onartzen du, «dutxa bat hartu eta lo pixkot egin behar izaten dut, bertzela ezin duzu egun guztiak aguantatu».

Herrian ez ezik, joaldunekin kanpoan ibiltzea ere gustatzen zaio Gorosterrazuri, «polita da euskararen aldeko bestetan eta parte hartzea, tratu ona izaten dugu eta ongi pasatzen dugu, baina inauteriak bezalakorik ez da, gure herrian eta gure jendearekin joareak astintzea bezalakorik ez da». Aurten ez dela deus eginen eta heldu den urtekoa gogo gehiagorekin hartuko dutela dio Gorosterrazuk. «Heldu den urtean normaltasunera bueltatuak izatea espero dut, bertzela seinale txarra!  Aurtengoa galduta, heldu den urtekoa izugarria izan daiteke!». Aurten ere egoera hobetuko balitz eta nonbaitetik deituko balute gustura aterako liratekeela dio Iturengo joaldunak. «Guri joareak jotzea gustatzen zaigu eta heldu den urterako rodaje pixko bat hartzeko ongi etorriko litzateke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun