Ikasleak 15:00etan etxeratzeko eskatu dute hainbat guraso eta haurrek Donezteben

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 24a, 08:00

Urritik aitzinera ikastetxean jardunaldi jarraitua ezarrita ere, Doneztebeko San Miguel ikastetxeko Haur eta Lehen Hezkuntzako 184 haurrek eskolan esperoan egon beharko dute bigarren hezkuntzakoek bazkaldu arte. Gurasoei, ordea, kezka sortzen die egoerak eta 15:00etan etxeratzeko eskatuz, familia-katea egin zuten atzo arratsaldean Donezteben.

Doneztebeko eskolan jangela erabiltzen duten Haur eta Lehen Hezkuntzako 184 ikasleek 14:30ean eta 15:00etan akitzen dute bazkaria, baina, bigarren hezkuntzakoekin garraio zerbitzua partekatzen dutenez, urritik aitzinera azken horiek bazkaldu arte eskolan esperoan egon beharko dute. Hori, ordea, «gizarte osoa hartzen ari den neurrien kontrakoa» da Erreka Guraso Elkartearen irudiko eta arazoari konponbidea emateko eskatzen dute. Horrez gain, Gil Sevillano Gonzalez Hezkuntza Zuzendari Nagusiarekin bilera bat egitea eskatuko dutela adierazi dute, eta gaineratu dutenez, «bi garraio txanda egiteko aukera kontuan izan nahi genuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun