Eztabaida Doneztebeko San Miguel ikastetxean

«Bi garraio txanda egiteko aukera kontuan izan nahi genuke»

Ttipi-Ttapa 2020ko irailaren 23a

«Bereziki kezkatuta» agertu dira Doneztebeko San Miguel ikastetxeko gurasoak urritik aitzinera ikastetxean jardunaldi jarraitua ezarrita ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrek eskolan esperoan egon beharko dutelako bigarren hezkuntzakoek bazkaldu arte. San Miguel ikastetxeko Erreka Guraso Elkarteak Hezkuntza Zuzendari Nagusiari bilera eskatuko diola jakinarazi du. Bertzetik, gaur 17:30ean protesta gisa familia-katea deitua dute.

Erreka Guraso Elkartetik ohar bidez jakinarazi dutenez, «jangela erabiltzen duten Haur eta Lehen Hezkuntzako 184 ikasleek 14:30ean eta 15:00etan akitzen dute bazkaria, baina, bigarren hezkuntzakoekin garraio zerbitzua partekatzen dutenez, urritik aitzinera azken horiek bazkaldu arte eskolan esperoan egon beharko dute». Horren harira, lanaldi jarraitua «haurrak eskolan denbora gutxiago egoteko» baldin bada, «haurrak eskolan esperoan egon behar izatea, gizarte osoa hartzen ari den neurrien kontrakoa» dela iruditzen zaie.

«Haurrak eskolan esperoan egon behar izatea gizarte osoa hartzen ari den neurrien kontrakoa da»

San Miguel ikastetxeko Erreka Guraso Elkartea

Gurasoei egindako galdetegia
Hori saiheste aldera, gurasoei iritzia galdetu diete eta «parte-hartze altua» izan dutela adierazi dute: «215 familiatik 173k erantzun zuten eta horien artean %92,5 15:00etan etxeratzearen alde» agertu ziren. Izan ere, Erreka Guraso Elkartearen irudiko, «osasuna lehenestea da 184 haur horiek 15:00etan eskolatik ateratzea». 

Hezkuntza Departamentuaren hasierako asmoa «Haur eta Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleak 16:00etan autobusa partekatuz etxera itzultzea» zela ikusita, ttikienak eskolan «ordu eta ordu eta erdiz esperoan egotera behartuak izanen zirela» ikusita eta «bi ikastetxeek garraioa partekatzeak sortzen duen eragozpenei konponbidea bilatu asmoz», Mendaur Institutuak eta Mendaur Guraso Elkarteak ikasle garraiatuen familien iritzia biltzeko galdetegi bat egin zuen: %75,6 jantoki zerbitzuari uko egiteko prest agertu ziren. «19 familia inguruk jantoki zerbitzua mantentzearen alde egin zuen».

«Gure asmoa ez da inork bere eskubideei uko egitea; Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean kalteturik gabeko irtenbidea bilatzea baiaizk».

San Miguel ikastetxeko Erreka Guraso Elkartea

Bi garraio txanda
Emaitza ikusita ikuskaritzak «jantoki zerbitzua eskatzen duten familia guztiei bermatu behar zaiela» erranez erantzun du. Erreka Guraso Elkartetik argi utzi nahi izan dute «gure asmoa ez dela inork bere eskubideei uko egitea, baizik eta Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean kalteturik gabeko irtenbidea bilatzea». Hala, Gil Sevillano Gonzalez Hezkuntza Zuzendari Nagusiarekin bilera bat egitea eskatu dute, eta gaineratu dutenez, «bi garraio txanda egitea kontuan izan nahi genuke». 

Atzo arratsaldean TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUS atarian bigarren hezkuntzakoen jangela zerbitzua 15:30ean amaituko dela eta garraioa ordu horretan abiatuko dela jakinarazi zuen. Horren bidez, prentsa bidez jaso dutela ere salatu dute: «Erreka Guraso Elkartean ez dugu aldaketa horren jakinarazpen ofizialik jaso. Are gehiago, gure buruari galdetzen diogu ea nola antolatuko den jangelak duen espazioa eta alngileagoa kontuan hartuz».

«Zein zentzu dauka jardunaldi etenaren ordu paretsuak eskolan egotea planteatzen duen lanaldi jarraituak?»

San Miguel ikastetxeko Erreka Guraso Elkartea

Galdera aunitz
Buruan galdera aunitz dituztela diote guraso elkartetik: «zein zentzu dauka jardunaldi etenaren ordu paretsuak eskolan egotea planteatzen duen lanaldi jarraituak? Eta Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrak etxera ezin bueltatuz deus egin gabe egoteak? Bizi dugun egoera aintzat hartuta protokolo hau egokia da?». Elkarte bezala «hainbertze gurasoen babesa» dutela diote eta gure seme-alaben eskubide eta osasuna babestu eta bermatzeko konpromisoarekin segituko dugula» nabarmendu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun