Eskolako haurrak 15:00etan etxeratzeko eskatuz familia-katea eginen dute asteazkenean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 22a, 17:00

Urritik aitzinera, San Miguel ikastetxeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek 15:00etarako klaseak bukatuak izanen dituztela eta ordurako bazkalduak izanen direla kontuan hartuz, DBHkoen esperoan egon ez daitezen irtenbide bat eskatu diote Doneztebeko San Miguel eskolako guraso elkartetik Nafarroako Gobernuari.

Urritik aitzinera Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 15:00etarako eskolak akituak eta bazkalduak izanen lirateke. DBHkoek, ordea, 15:00etan akituko lituzkete eskolak eta gero, bazkaldu ondotik, izanen lukete etxera bueltatzeko autobusa. Garraioa Lehen Hezkuntzako ikasleekin partekatu behar dutenez, ttikienek tarte horretan gelan egon beharko lukete zaharrenen esperoan eta hori onartezina iruditzen zaie eskolako hainbat gurasori.

Arazoari irtenbidea bilatu nahian inkesta bat ere egin dute gurasoen artean. Urritik aitzinera 15:00etan etxera joatea da eskatzen dutena eta horretarako DBHkoek jangela zerbitzuari uko egitea, denak elkarrekin joan daitezen. Inkestan, ordea, ez dira denak proposamen horren alde agertu. San Miguel ikastetxeko gurasoen %92,5 eta Mendaur institutuko gurasoen %75,9 haurrak 15:00etan etxeratzearen alde agertu dira. Baina emaitza horiek oinarritzat hartuta, Hezkuntza Departamentuak garraiatutako ikasleen jantoki zerbitzua bermatzeko agindu du eta institutuak hori bete behar izan du. DBHkoek txanda bakarrean bazkalduko dute –orain arte bi txandatan bazkaldu izan dute–, eta bazkaldu ondotik ikasleek 15:30ean hartuko dute etxera itzultzeko autobusa.

Gurasoek, ordea, ez daude ados eta familia-katea egiteko deia egin du San Miguel ikastetxeko guraso elkarteak. Bihar, asteazkena, 17:30ean egina dute hitzordua eta eskola ataritik kiroldegi aldera bilduko dira, adierazi dutenez, segurtasun arauak beteta, hala nola, bi metroko distantzia mantenduta eta maskara soinean dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun