Eratsunen ere taldea aurkeztuko dute azaroko hauteskundeetan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 7a, 15:00

Daona taldearen izenean bortz laguneko taldea osatu dute azaroaren 17an eginen den udal hauteskundeei begira. Iñaki Estanga, Mari Jose Mitxelena, Mirian Miguel Antolin, Olatz Bernal eta Ana Greñok osatu dute taldea.

Ezkurran bezala, Eratsunen ere osatu dute azaroaren 17an eginen diren udal hauteskundeetara aurkezteko taldea. Daona taldearen izenean eginen dira. Maiatzeko hauteskundeetan zerrendarik aurkeztu ez zuten gainerako herriak Elgorriaga, Oiz, Urroz eta Ituren dira. Iturenen bihar egitekoa omen dute azken saiakera; Elgorriagan zortzi-hamar laguneko lantaldea osatu dute eta horien artean zerrenda osatzeko asmoa dute; Urrozen atzo egitekoa zuten bilera eta Oizen oraingoz ez omen dago mugimendurik.

Hauteskundeetara aurkeztekotan, interesatuek urriaren 9tik 14ra bitarteko epea izanen dute zerrendak aurkezteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun