Ezkurran, Eratsunen, Iturenen, Elgorriagan eta Oizen bezala, Urrozen ere ez zen maiatzeko udal hauteskundeetara zerrendarik aurkeztu. Hala, azaroaren 17an izanen dute bigarren aukera baina horretarako urriaren 9tik 14ra arte aurkeztu beharko dituzte zerrendak Iruñean. Ezkurran dagoeneko osatu dute taldea; Elgorriagan, berriz, gaur arratsaldean, urriak 4, bilkura eginen dute zerrenda ateratzen duten ala ez erabakitzeko. 20:00etan egina dute hitzordua Herriko Etxean eta orduan erabakiko dute orain artekoa bertan behera utziko duten ala zerrenda aurkeztuko duten. Eratsunen ere mugimendua omen dute, nahiz eta oraindik TTIPI-TTAPAk ez duen ofizialki deus ere jakin. Iturengo berririk ere ez du jaso TTIPI-TTAPAk. Urrozen, berriz, gaiarekin kezkatuta, bilera deitu Udalak igande honetarako, urriak 6.
Gaur, ortziralea, bilkura egitekoa dute Urrozko udal ordezkariek Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, etxeetara igorri duten oharrean adierazi dutenez, «herrian hautagaitzarik aurkeztu ezean ondorioak zein izanen diren jakiteko eta iganderako deitua dugun bileran norbait azaltzera etor dadin eskatzeko». Udalaren oharrean ageri denez, «herriko hautagairik ez izateak herriarengan ondorio kaltegarriak izan ditzakeela» uste dute eta «kanpotik edozein aurkeztea edo kanpokotik gestora baten gobernatzea» gerta daitekeela, «herriko interesak defendatuko ez dituztenak». Hala, gaiak «kezka» sortuz gero, igandean, 12:00etan eginen duten bilkurara joateko deia egin diete udal ordezkariek urroztarrei.