Sunbillako inauteriak igandeko karroza desfile handiarekin borobilduko dituzte

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko urt. 24a, 08:27

Igandean karroza ikusgarriak karrikaratuko dituzte Sunbillan.

Baserriz baserri eta herrian barna ibiliko dira gazteak ortziralean eta larunbatean 

Igandeko karroza desfilea da Sunbillako inauterietako ekitaldirik ezagunena, baina ortzirale goizetik hasiko dira gazteak etxez etxeko eskearekin. Emakumeek ere afaria izanen dute ortziral arratsean eta eskolako ikasleek beraien harat-honatak eginen dituzte, kaldereroak gaiarekin. 

 

Ilbeltzak 26, ortziralea

09:00etan Ariztigain kanpinean gosalduko dute. Ondotik herriko gazteak, bi taldetan, baserrietara joanen dira, Modesto eta Joxe Angel akordeoilariekin. Bazkaria eginen dute, Exkernekobordan Mendaur aldekoak, eta Bustitzen bertzeek. Arratsaldean txokolate beroa dastatzeko parada izanen dute herriko ttikiek frontoian eta 17:00etatik 20:30ra dantzaldia izanen dute frontoian Agerralde akordeoilariarekin. 21:30ean eskean dabiltzanen afaria ez ezik, emakumeen afaria ospatuko da Ulibeltzak Elkartean. Afal ondotik sorpresa izanen dute.

 

Ilbeltzak 27, larunbata

10:00etan Bustitz ostatuan gosalduta, gazteak eskean ibiliko dira Beñat akordeoilariarekin. Ondotik bazkaria eginen dute Fondan. 17:30etik 20:00etara disko festa izanen da Ulibeltzak elkartea. Gauean gazteek Elortxurin afalduko dute.

 

Ilbeltzak 28, igandea

11:00etan karrozen desfileko denboran, opilak, gaztainak, tortilla eta ardoa banatuko dizkiete gazteek ikusleei. Desfilea bukatzerakoan, bi magren eta bildotsaren zozketa eginen dute. 14:30ean bazkaria izanen dute Ulibeltzak Elkartean, ondotik, berriz, dantzaldirako parada izanen da, Santxotenaren eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun