«Karroza gure kasa egiten dugunetik gurasoek egindako lana eskertzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 24a, 08:38

Zaira Gaztelumendi sunbildarra, inauterietan murgiltzeko prest.

Zaira GAZTELUMENDI, Sunbillako gaztea 

Ez dira urte aunitz karroza gurasoekin egiteari utzi zietenetik, eta horren ondorioak antzeman dituzte lagunartean.

 

«Euskal dantzak dantzatzea» du zaletasun sunbildar gazteak. Bortz bat urterekin hasi zen dantza taldean, orain hamabi daramatza eta «aunitzez gehiago» izan daitezen espero du. Inauterietan dantza taldearekin emanaldirik izaten ez badute ere, «fandango edo arin-arin guztien bueltan izanen naiz, halakoetan ezin baititut hankak geldiarazi».

Musikaren inguruan ez ezik, mahaiaren bueltan, karrozen desfilean... han eta hemen ikusiko dugu Zaira Gaztelumendi. Izan ere, «inauteriak bestekin alderatuz, hagitz motzak dira, ezin da denborarik galdu eta momentu bakoitza aprobetxatu beharra dago». Areago, «neskak ez gara baserriz baserri ibiltzen, eta beraz, gehienontzat ortziral ilunbarre-an hasten direnez, ohartu orduko pasatzen dira». 

Goiz baino behar bezala hastea hobe izaten da maiz. Eta, aurtengoan, hasiera «berezia» izanen da. Orain artean «kuadrilakoekin egiten nuen afaria, aurten, emakumeen afarira joateko asmoa dut». Duela «ez aunitz hasi zen egiten, baina indar handia du». Kuadrilla ederra biltzen da, «80 lagun inguru» eta afaria gizonek prestatzen dute. Inoiz ez naiz izan, baina gogo-tsu nago, giro ederra sortzen dela baitiote denek».

Azken eguna «politena» eta «inauteriak zapore gozoz bukatzeko» bikaina da bere ustez. Izan ere, «desfileko momentuak adieraz-ezinak diren sentimenduak eragiten dizkigu». Hasieran «lotsa pixka bat emanagatik, pixkanaka, guztiok egoera berean gaudela pentsatuz» aurre egin eta «gozatzea» lortzen omen dute. Baina, noski, horretarako,  «aitzinetik lan handia egin behar izaten dugu».

Orain dela «hiruzpalau urte arte», gurasoekin ateratzen ziren; orain, ordea, lagunekin: «Eguberrien aitzinetik lagunak bildu eta mozorroa erabakitzen dugu, gero, Eguberriak aldera, buru-belarri hasten gara». Lagunartean egitearen abantaila nagusiak «erabakitzeko askatasuna eta egindako lanaren harrotasuna» dira. Halere, «lana izugarria izateaz gainera, traktorea eta karroa bilatzeko zailtasunak izugarriak direnez», tarteka, «gurasoengana jo eta laguntza eskatu behar izaten diegu». Orain, karroza egiteak eskatzen duen «pazientzia eta denbora ikusirik, gurasoek egiten zuten guztia eskertzen ikasi dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun