«Herritarrek, ikusleak zapore gozoz uzteko, borondatez eginiko lana miresgarria da»

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 24a, 09:01

Braulio Sanchez, zozketarako boletoak saltzen inauterietako igandeko karroza desfilean.

Braulio SANCHEZ • Sunbillan bizi den Salamankarra 

1966ko abuztuaren 15ean, lana tarteko, Bartzelonatik Sunbillara bidalia izan zen Braulio Sanchez. Sortzez Salamankarra izaki, ordura arte, herriarekiko zuen erlazioa «hu-tsala» zen. Hasieran «euskaraz ez jakiteak» kezka sortzen bazion ere, antzinako ostatuan «hanka bat sartu orduko izaniko harrerak» hastapeneko buruhauste horiek «berehala ahantziarazi» zizkion. 

 

Herritarren lana

Egun, Sunbilla «aunitz» maite du, «bai herritarrak, bai lasaitasuna eta edertasuna, baita gainerako herriekiko duen hurbiltasuna ere». Urteko egun politenak «bestak eta inauteriak» dira berarentzat, eta bereziki, inauterien itzalpean «borondatez, ordainsaririk gabe, egiten duten lana» miresten du: «batzuek salda, gaztainak, tortilla, taloa eta ardoa banatzen dute; bertzeek, berriz, desfilerako izugarrizko lana hartzen dute», eta guztia «ikusleak zapore gozoz uzteko». Azken batean «herritarren lanak ikuslerik gabe balio ez duenez», eta «ikusleak herritarren lanaz gozatzera etortzen direnez», norabide bikoitzeko hartu-eman hori «gori-gori mantentzearekin» amesten du. Baina, dudarik gabe, «ikusleak orain artean bezala zainduz gero, ahoz aho hedatu, eta ezagutzen dutenak itzultzeaz gain, jende gehiago etortzen da».

 

Inauteriak bizitzeko moduak

Urtez urte, era batera edo bertzera bizi izan ditu inauteriak. Hasierako urteetan Valladoliden biziagatik, «inauterietara etorri eta koinatuaren ostatuan lanean» pasatzen zituen egun horiek, «eta horrek, bestaz gozatzen zutenekin enpatia sentituz, besta giroa lehendabiziko ilaran bizitzea ahalbidetzen zigun». Azken urteetan, berriz, karrika xokoetan ibiltzen da, «karrozarteko koloreetan nahasirik, parte-haztaileen giroa eta bisitarien harridura sentituz». Karrozen harat-honatean, ikusleen artean zozketa-billeteak saltzen ditu «Maria Jesus Jorajuria eta Joseba Altzurirekin batera» bera aduratzen baita horretaz. Txartelak saltzeko «lotsa gutti eta aurpegia ematea» ditu sekretu. Eta «zenbaitetan astun xamarrak bagara ere», aunitzek erosten dute. Gehienak «elkartean saltzen ditugu», eta «nik, pertsonalki, lagun kuadrilek gosaltzen duten ostatu, denda eta txokoak aprobetxatzen ditut». Ikusleek ere «ekarpen handiak egiten dituzte». Batzuen kasuan zozketa aitzinetik alde egiten dutenez, «telefonoak hartzen ditugu, saridunak jakinarazteko, eta ho-rrek ere laguntzen du».

 

Omenaldia

2014an, Sunbillako herritarrek hainbat urtetan, inauterien bueltan boletoak salduz, egiten duen lana eskertzeko, omenaldia egin zioten. Gogoan du momentua, «ilusio handiz» bizitakoa, «inondik inora espero ez zuen txapela jantziz» burua estaltzeaz harago, bihotzera ailegatu zitzaion eta.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun