Herriko karrika eta xoko guztiak ere postuz beteko dira, eta beraz, hurbiltzen denak eskualdeko jaki gozoak dastatzeko, arropak probatu edota erosteko... aukerarik ez du faltako. Arratsaldean, berriz, maila nagusiko aizkora txapelketa finala jokatuko da, Ezkurra frontoian. Bien bitartean, gaiteroen musikak alaituko ditu bazterrak.
Gaztain, talo edota etxean eginiko bertzelako jaki gozoak dastatuz, jantziak probatuz... ibiliko dira herritar eta ingurukoak Doneztebeko ferietan. Aukera zabala izanen da, 200 postutik goiti paratuko baitituzte goizean goizetik iluntzera bitarte, karrika xokoetan. Zenbait aldaketa ere badakartza aurtengo hitzorduak. Izan ere, aitzineko urteetan ez bezala, euskal oiloak izanen dira merkatuan eta behor txapelketa egiteko asmotan ere badabiltza. Azkenik, azpimarragarria da, Doneztebeko Udalarentzat diruiturri ere badirela feriak. Izan ere, 4.000 eurotik goitiko diru-sarrera izaten du egun horretan.
Nafarroako aizkora txapelketa nagusiko finala
Goizeko giroari jarraipena emateko eta guztien zaletasunei tarte egiteko, aizkora apustu zaleentzat hitzordu polita antolatu du Nafarroako Herri Kirol Federazioak. Nafarroako maila nagusiko aizkora txapelketako finala izanen da ikusgai, Ezkurra frontoian. Iker Vicente otsagabiarrarekin batera, eskualdeko Ruben Saralegi (26 urte) eta Jon Rekondo (32 urte) leitzarrek, Mieltxo Mindegia (36 urte) zubietarrak eta Joxean Etxeberria (22 urte) zigarrak lortu dute finalera sailkatzea. Lau kana-erdiko, 60 ontzako bertze lau eta bi oinbiko moztu beharko dituzte bortz finalista sailkatuek. 18:00etan hasiko da finala eta sarrerak egunean bertan izanen dira salgai, 15 eurotan. Hala ere, ez da arratsaldeko ikuskizun bakarra izanen. Aizkolarien ondotik, harri-jasotze erakusketa izanen da, Aimar Irigoienen eskutik.