Transmisioaren garrantzia
Jesus Jaimerena apaizak, antolaketan buru-belarri jarduten zuenak, bere zaletasunean izan duen eragina gogoan izanagatik etxeko transmisioaren garrantzia nabarmendu du: «nire aitak zaletasun handia zuen eta hiru anaiok zaletasun horretatik edan dugu. Orain nire semea ere aritzen da». Jarraipena izan omen da, bere ustez, kirol honetan iraupenerako gakoa: «laxoak iraun badu belaunaldiz belaunaldi igaro delako izan da».
Lehenengo oroitzapenak eskola garaiko atsedenaldi eta arratsaldetakoak dira «plazan edo frontoian egoten ginen, beti pilota eskuetan genuela». Halere, ezin erran gogoan dituenak horiek baino ez direnik. Izan ere, 1979.urtetik, laxoa berreskuratu zenetik, udan egin ziren Doneztebe eta Arraiozen arteko lau partidetan parte hartu zuen. 80ko hamarkadan, berriz, zazpi bat urtez, torneo eta txapelketetan ibili zen Doneztebeko taldearekin, bitan garaipena lortu zuelarik. Areago, oraindik orain, jarraipena bermatze aldera, lanean dabil, ttikienekin jolastatzeko edo etseguetarako tartetxoak hartuz: «haurrekin ibiltzen naiz, erakusten edo entsegutan».
Liburuaren beharra
Izenak izana dakarrelako pilotaren historia irudi eta letretara pasatzen ere lan handia egin du Tiburtzio Arraztoak. Horren lekuko dira, bertzeak bertze, laxoaren inguruan eginiko bideoa eta idatziriko bortz liburuak: Laxoaren gida (2003); Guante laxoa, la modalidad más antigua de la pelota vasca (2004); Laxoa la pelota en la plaza (2010); Entre Dios y la pelota (2014); eta Doneztebe pelotari (2017).
Azken hori luzaroan buruan bueltaka zuen ideia zen, «herri eta pilota elkarte batzuek beren pilota liburua duten antzera, Doneztebek ere behar lukeela pentsatzen nuen». Donezteberen pilota munduko historia aberatsa bilduz osatu du liburua. Horretarako, etxeko apalategietako liburuei hautsak kentzeaz gain, informazio iturri anitz arakatu behar izan ditu: «Doneztebeko Udaleko artxiboa, liburuak, egunkariak, aldizkariak eta internet». Baina, zalantzarik gabe, «politena eta aberatsena jendearen ekarpenak izan dira: anitzek argazkiak utzi dizkidate, eta argazkiek maiz hitzek baino gehiago balio dute». Hemezortzi kapitulutan pilotaren modalitate guztiak biltzen dira, «nik guztiak probatu ditut». Halere, «bakoitzaren presentzia eta pisuaren arabera» luzera hagitz aldakorra da. Dudarik gabe laxoak izan duen itzala islatzen da liburuaren ere, hari dagokion kapitulua «mardula» da. Bertzeak xumeagoak izanagatik, ez da bilduriko modalitate bakarra: «pala, erremontea, errebotea, paxaka, boteluzea...».
Modalitateak ez ezik, Doneztebeko Bear Zana plazaren historia ere badakarki Arraztoak azken lanean. Izan ere, Bear Zanaren sorreratik, hau da, 1855etik, «moldaketak egiteaz gain, pilotalekuaren erabilera ohiturak ere aldatu izan dira». Bertzeak bertze, azaroko feria egunetan laxoa partidak jokatu izan direla aipatu digu: «XX.mendeko lehen hamarkadan baziren laxoa partidak eta orain dela hogeita bortz bat urte ere antolatu genuen ikuskizunen bat».
Gaur egun, «pentsaezina» da halako zerbait antolatzea, «postuz betetzen baita plaza». Liburuan murgildu ahala, «horren ezagunak ez diren bitxikerien» berri izan dezake irakurleak, «1930ean plazan egin zen erreboterako pareta mugikorraren, 90 gradu mugitzen zenaren, berri topatuko du», erraterako.
Munduko laxoa txapelketak
Doneztebek laxoaren historian izan duen garrantziaren lekuko, Munduko Laxoa Txa-pelketak aipatu dizkigu: «Nafarroan bitan izan dira laxoa txapelketak, 1962an eta 2002an. Batean zein bertzean txapelketetako partidak ikusteko aukera izan dugu Donezteben. Areago, Nafarroan Iruñea eta Donezteben baino ez da izan aukera hori».
Eskularrugileen lana
Laxoaren bueltan eginiko lan handia jokalari eta entrenatzaileez gain, XIX.mendetik denbora eta pazientzia izugarriz jardun duten eskularrugileena ere badela nabarmendu nahi izan du Arraztoak: «artisau lan hau mantendu bada, hein handi batean, Doneztebeko eskularrugileei esker izan dela erranen nuke». Hortaz, «XIX.mendeko azken hamarkadetako eta XX.mendeko hasmentan eginiko eskula-rru kopurua, kostua eta bertze ere bildu nahi izan dut». Egun, bai herriz herri, eta baita herrian berta ospartzen den Santa Luzia eguneko ferian ere, bada lana «eskertu eta hurbiletik ikusteko» parada.