Etxebizitza bat izatea eskubide baino pribilegio bihurtu den garaian, gaia mahai gainean jarri eta irtenbide bila hasi da Leitzako Udala. Herritarren artean kezka «orokorra» dela ikusi dute eta «herriaren etorkizuna jokoan» dagoela iritzita, lanketa berezia egitea erabaki dute: «Belaunaldi berriei bertan bizi ahal izateko aukerak eskaini behar zaizkie. Hemendik berrogei urtetara ere, Leitzako herria herri bizia izan eta jendea bertan bizi dadin».
Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko, «denen inplikazioa beharrezkoa» dela nabarmendu du Xabat Illarregi Marzol Leitzako udaleko zinegotziak: «neurri batean edo bestean, herri osoari eragiten dion arazoa delako».
«ESKAINTZA ETA ESKARIA PAREKATU BEHAR DIRA»
Xabat Illarregi, Leitzako Udala
Etxebizitza berriak egin dira azken urteetan, baina ez da aski: ««Kontuan izan behar da gaur egun gazte askok etxe bat erosteko aukerarik ez daukala. Emantzipatzeko duen aukera bakarra alokairuan bizitzea da». Horregatik, etxe berriak eraikitzea bezain garrantzitsua da, «hutsik dauden etxeak alokairuan jartzea». Gazteak herrian bizitzen gelditzea ahalbidetuko luke horrek eta herrian dauden etxe hutsei aterabide bat ematea: «Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzen badira, eskaria eta eskaintza parekatu eta dagoeneko eraikita dauden etxe horiek aprobetxatzeko aukera izanen da». Udalaren apustua, alokairu eskuragarri bat sustatzea izan da: «Gazteen baliabideak eta aukerak kontuan izan eta bizitzeko toki duin bat eskaintzea». Eskuragarri hitzean jarri dute azpimarra: «etxebizitza negozio bat baino, eskubide bat dela ulertzen dugulako».
«ALOKAIRU POLTSAK BERMEAK ETA ONURAK ESKAINTZEN DITU»
Hori sustatzeko, hainbat bide landu dituzte: «Nafarroako alokairu poltsari buruzko informazioa zabaldu dugu buzoietan, aurkezpen bat ere egin zen herri aretoan eta gaia gizarteratzen saiatu gara. Gaia mugitzen hasi eta mahai gainean jartzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Gure egitekoa da egon daitezkeen baliabideak herritarren eskura jartzea».
Nafarroako Alokairuen Poltsa
Baliabide horietako bat da Nafarroako alokairuen poltsa: «Etxebizitzak merkaturatzeko sortutako egitasmo publikoa da eta etxebizitza alokairuan jarri nahi duenari berme eta onura batzuk eskaintzen dizkio».
Dauden aurreiritziak alde batera utzi behar dira horretarako: «Beldur edo kezka gehien eragin dezakeena alderdi ekonomikoa izan daiteke, baina alokairuen poltsan sartuta, maizterrarekin kontratua sinatzen den unetik kobratzeko ziurtasun osoa izanen dute».
Adituen bitartekaritza ere eskuratzen dute etxejabeek: «Nasuvinsak kudeatzen ditu gerta daitezkeen gorabehera teknikoak, ekonomikoak eta sozialak». Hainbat dirulaguntza ere eskura dituzte, «esate baterako, errenta aitorpenean %70eko murrizketa fiskala lortzen dute eta komunitateko gastuak, 50 euro artekoak, bere gain hartzen ditu programak». Ez hori bakarrik: «Etxebizitza egokitzeko obretarako finantziazioa ere eskaintzen dute eta energia eraginkortasunaren ziurtagiria lortzeko izapideetan laguntza».
Izan ditzaketen beldurrak eta kezkak alde batera utzi eta etxebizitza hutsen jabeak pausoa ematera bultzatu nahi ditu udalak: «Nafarroako alokairuen poltsan etxebizitza errentan jartzen dutenek bermatuta dute errenta aldia bukatutakoan etxebizitza jabeei egoera onean itzuliko zaiela».
Etxejabearentzat onuragarria izanen da tratua: «Etekin ekonomikoak lortuko ditu. Ez da ahaztu behar etxe huts bat edukitzeak bere kostua daukala eta erabiltzen ez den etxe bat zahartu egiten dela». Zerbitzuaren erabiltzaileen datuak alde dituzte: «Nafarroako alokairuen poltsaren arduradunek diote egitasmo honetan parte hartzen duten etxejabeen %50 baino gehiagok errepikatzen dutela».

Baldintzak
Etxebizitza libreak, hutsik daudenak zein erabilitako babestuak utz daitezke Alokairuen Poltsan, baina badira bete beharreko hainbat baldintza ere: bizigarritasun zedula, sukalde ekipamendua, hondakinen eta kontribuzio tasei eta bestelako ziurtagiriei dagozkionak... Xehetasun gehiagoren berri izan nahi duenak 848 42 060 telefonora deitu dezake.
Alokairu poltsa batean herrian dagoen eskaintza biltzea etxe bila ari denarentzat ere onuragarria dela uste du Illarregik: «Alokairuan bizi nahi duenari etxebizitza aurkitzeko bidea erraztea ahalbidetzen duelako». Leitzan ahoz ahokoak indar handia duela jakinda, «beste baliabideen beharra ere» badagoela uste dute. Alokairuen Poltsa sustatuta, etxebizitza-parke publikoa handitzen da eta horrela, «prezio eskuragarrietan etxebizitza bat alokairuan hartu nahi dutenei benetako irtenbidea eskaintzen zaie».
Leitzako Udalaren mezua argia da: «ezin dugu inor behartu, baina bai animatu eta informatu. Etxebizitza huts bat, beste batentzat herrian bizi ahal izateko aukera izan daiteke».