Duela urte eta erdi joan zen gurasoen etxetik eta argi dio, gazte batentzat bakarrik bizi ahal izatea, gaur egun «pribilegio bat» dela. Azaldu du alokairua dela eskura duten aukera bakarra: «Etxebizitza erostea, gazte batentzat ia utopia baita, banketxeetan ez dago inor gure esperoan». Alokairuan bizi ahal izatea ere ez da erraza: «Eskaintza urria da, baina arazorik handiena alokairuen gehiegizko prezioak dira». Datu zehatzak aipatu ditu: «Leitzan, 450 eta 650 euro artean daude alokairuak. Garestiagoak ere ikusi ditut eta pertsona bakarrak ordaintzeko asko da. Alokairua ordaindu eta bizi ere egin behar duzu». Arazoari irtenbidea emateko Ikuspegi aldaketa bat beharrezkoa iruditzen zaio: «Prezioak igotzen joan eta jendeak berdin berdin ordaintzen duela ikusita, jendeak hor diru iturria ikusten du. Egoera noizbait lehertuko dela esaten dute, baina ordura arte, nonbait bizi beharko dugu...».