Oxepi amonaren eta Roxa ilobaren deiari erantzunez, 30 bat lagun hurbildu ziren joan den ostiralean Goizuetako udaletxeko ganbaran egindako hitzordura. Goizuetako hika eta batez ere noka forma mantentzeko eta berreskuratzeko beharra bazela ikusita, Goizuetako Euskaraldiko kideek hika hitz egiten dakitenei eta ez dakitenei egin zieten joateko gonbidapena. Hainbat herritar hurbildu ziren, eta interesa ikusita, gaiari segida emanen diotela jakinarazi dute. Euskaraldiko taldekideek TTIPI-TTAPAri adierazi diotenez, «badugu herri mailan ekintzak egiteko asmoa. Ostiraleko saioaren bukaeran ez dakitenek ikasteko interesa eta dakitenek erakusteko gogoa ote zuten jakiteko ariketa bat egin genuen. Erantzuna baiezkoa dela ikusi genuen, eta hortik abiatuta ziklo bat planteatuko dugu, nahiz eta oraindik ez dugun zehaztu».
Zehaztu dutena Euskaraldiak iraunen duen egunetan martxan jarriko duten dinamika da. «Ahobizi eta Belarriprest txapetan jartzeko h duten pegatinak banatuko ditugu herri mailan. Hartara, txapan h daramanak berari hika hitz egitea nahi duela erakutsiko du edo behintzat aditzeko prest dagoela».