Uharte Arakilgo saioan, aresoarrak bertze txakur batekin ere parte hartu zuen, Askerekin, eta horrekin hirugarren postua eskuratu zuen. Eskualdeko ordezkari gehiagok ere parte hartu zuten Uharte Arakilgo saioan. Joxe Mari Istilart amaiurtarrak laugarren eta zazpigarren postuak lortu zituen, Bizkor eta Ttipi txakurrekin. Jorge Oteiza oronoztarra, berriz, bosgarren gelditu zen, Arakil txakurrarekin.
Gazta saritua
Artzain Egunaren barne, bertze hainbat lehiaketa egin zituzten. Tartean, gazta lehiaketa. Sari nagusia Lekarozko Kortariko gasnarentzat izan zen. Maddi Jimenez eta Julen Arburua ama-semeek hartu zuten saria: trofeoa, 800 euro, txapela eta kaikua. Gazta irabazlea enkantera ere atera zuten eta Hotel Muga de Belosokoek 4.550 eurotan hartu zuten. Urdazubiko bengotxeatarrak laugarren gelditu ziren gazta lehiaketan.