Bere ondotik, aldarrikapenerako bidearekin segitu zuen Berako besten hasierak, intsumisioaren bidea hartu zuten beratarrek ere piztu baitzituzten ondoko suziriak, derrigorrezko soldaduska desagertu zenetik 25 urte bete diren honetan. Honela, Oskar Goñi, Tobi Ruiz, Joxi Iratzoki, Patxi Jorajuria eta Ramon Telletxea intsumisoak eta ‘Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian’ liburua idatzi zuen Edurne Elizondo kazetaria izan ziren herriko etxean, baita 1987 herriko etxeko udal ordezkariak ere, bere garaian, estatu espainiar osoan Defentsa Ministerioari laguntzearen kontra azaldu zen lehen udala izan baitzen Berakoa, soldaduska egin behar zuten gazteen zerrenda bidaltzeari uko eginez. Oskar Goñik aipatu zuenez, garai hartako oroitzapen politak zituen, «gure gaztaroko eta gure bizitzako garai polita izan zen, elkartasun handia zegoen, kartzelaren esperientzia, unibertsitate ttiki bat izan zen. Gure borrokarekin deus ez genuela lortuko uste zuen jendeak, baina azkenean inolako zentzurik ez zuen derrigorrezko soldaduska kentzea lortu genuen. 19-20 urteko gazteei beraien bizitzako urte eta erdi kentzea ez zuen inolako zentzurik».
Baina txupinazoaren aitzinetik ere, azken urteetan bezala, memoria historikoak bere lekua izan zuen. Aurten 90 urte bete dira, 1936ko abuztuaren 3an herriko hogei familiek herritik ihes egin behar zutenetik. Iñaki Iriarteren eta Ainara Agirreren txalaparta doinuekin hasi zen ekitaldia, Jon Zelaietak Aurreskua dantzatu zuen, Naroa Otamendiren txistuaren doinupean. Francoren errepresiopean Berako eskolan ari ziren ea lana galdu zuten hiru irakasle gogoan izan zituzten, Ignacia Egia Errandonea (Mungia, 1909), Feli Martinez Perez (Irun, 1909) eta Dionisio Lopez de Zubiria Ruiz (Amezkoa, 1900), hain zuzen.
Txupinazoaren ondotik, berriz, erraldoiak eta buruhandiak ibili ziren Incansables txarangarekin, Ezpelur Gaiteroekin eta Berako Gaita Eskolarekin batera. Euskal preso politikoen aldeko topa ere efin zuten Espidobaitan. Arratsaldean, berriz ere musika doinuak izan ziren: Ezpelur Gaiteroak San Jose Zahar Etxean, Sunkile batukada, Beralko txistulariak, dantza herrikoiak, erromeria Akerbeltza taldearekib eta kalejira Incansables txaragngarekin.
Gaur egun handia
Abuztuak 3, astelehena
09:30ean Berako txistulariak diana joko dute eta Ezpelur Gaiteroak herrian barna ibiliko dira. 10:30ean meza Berako Abesbatzarekin eta erraldoiekin. 11:30ean Gure Txokoa Dantza Taldeko kideek, txistulariekin batera, Berako makil dantzak eta bordondantza dantzatuko dituzte. 12:30ean Maddi Ane Txoperena eta Unai Tiurriaga bertsolariek Herriko Etxeko Plazan kantatuko dute. 13:00etan Ezpelur Gaiteroak Ibardinen barna joko dute, eta Incansables txaranga Altzaten ibiliko da. 17:30ean Incansables txarangak San Jose Zahar Etxean. 18:00etan Gure Txokoa Dantza taldeak, txistulariekin, Berako Aurreskua dantzatuko du Herriko Etxeko Plazan. 18:30ean Berako Bandaren kontzertua Herriko Etxeko Plazan. 19:15ean Incansables txaranga herrian barna ibilliko da. 21:00etan dantza herrikoiak Ezpelur Gaiteroekin Kanttonberri karrikan (fandangoa, arin-arina, larrain dantza…). 22:00etan zezensuzkoa Itzea karrikatik Altzateko Plazara. 23:00etan DJ Bull txosnagunean. 01:00etan kalejira Incansables txarangarekin.