Palestina

«Guri egindakoa ez da deus Palestinan gertatzen ari denarekin konparatuz»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 21a

Luka Remiro Blanco beratarra flotillako ontzietan patroi lanetan ibili da.

Luka Remiro Blanco, Global Sumud Flotillan ibili den Berako ekintzailea

Hilabete eskas pasatu da Luka Remiro Blanco (Bera, 1993) etxera bueltatu zenetik, eta psikologikoki nahiz fisikoki, «geroz eta hobekiago» dagoela dio. Apirilean, Gazara laguntza humanitarioa eramateko helburuarekin, Bartzelonatik atera zen Global Sumud Flotillan ibili zen, eta momentu gogorrak bizitzea tokatu zaio. Israelgo armadak flotillako ekintzaileak bahitu eta torturatu zituenean, tartean zen, eta Loiuko aireportura ailegatutakoan, Ertzaintza oldartu zenean ere bai.

Baina harro dago egin duenaz. Ofizioz, barkuetako patroia da, eta horretan ibili da flotillan, baina argi dio: «betiko lanak egiten, inoiz baino zoriontsuago sentitu naiz». Gehiago ere bai. «Mota guzietako jendea elkarlanean buru-belarri ikustea zoragarria» izan dela adierazi du. Etxeko goxotasunean erantzun dizkio galderak TTIPI-TTAPAri, Berara bueltatu eta aste baten buruan. Hala ere, bihotzaren zati handi bat Palestinan du oraindik: «Palestinarrenganako sortu zaidan ardurak oraindik ez dit arrunt lasai egoten uzten, badakidalako euren sufrimenduak oraindik luze iraunen duela». Palestinaren alde borrokan segitzeko beharra aldarrikatu du.  

Deus baino lehen, zer moduz zaude fisikoki eta psikologikoki?

Azken bi hilabeteak intentsitate handikoak izan dira, bai fisikoki, baita emozionalki ere, baina orain, etxeko goxoan, geroz eta hobekiago sentitzen naiz. Fisikoki ongi nago, eta psikologikoki ere geroz eta hobekiago. Hala ere, palestinarrenganako sortu zaidan ardurak oraindik ez dit arrunt lasai egoten uzten, badakidalako beraien sufrimenduak oraindik luze iraunen duela.

Zergatik erabaki zenuen flotillan parte hartzea?

Udako lan eskaintzak begiratzen hasi nintzen patroien Whatsapp taldeetan, eta flotillako mezu bat leitu nuen, barkuak prestatzeko eta patroi lanak egiteko boluntario bila zebiltzala erranez. Nire ezagutza, behingoagatik, nire pentsamenduarekin bat zetorren proiektu batean erabilgarri izan zitekeela pentsatu nuen, aberatsen barkuetan euren kapritxoak betetzen laguntzen ibili beharrean. Mundua moldatzen ostatuan lagunekin solasean bakarrik aritzen nintzela sentitu izan dut beti, egiatan egiten nuena kontrakoa zela, eta bazela garaia zerbaitetan parte hartzeko. Beti egin izan ditudan lanetan ibili naiz flotillan, ordainetan dirurik hartu gabe, baina inoiz baino zoriontsuago sentitu naiz hori egiten.

Luka Remiro barkua garbitzeko ura biltzen. 

Nolakoak izan ziren prestaketak?

Alde batetik, barkuak prestatzen aritu ginen mundu horretan ibiltzen garenak: elektrikariak, informatikariak, mekanikariak, marinelak, iturginak, zurginak, urpekariak... Itsasontzi guzietan guttieneko baldintza batzuk betetzea zen helburua. Gaueko argia, Interneta, kamerak, nabigazio sistema informatikoa, pilotu automatikoa, belak, motorren olio eta filtro aldaketak, diesel deposituen garbiketa, ur atxike bonbak, helizeak, lemak, komunak... Horiek guziek egoera onean egon behar zuten atera baino lehen. Belaontzi batzuk aspaldian ailegatuak ziren Bartzelonako portura eta lan gutti zuten, baina bertze mordoxka bat azken egunetan ailegatu ziren eta lasterka ibili ginen apirilaren 14a baino lehen dena prest izateko. Bertzalde, protokoloari buruzko formazioak izan genituen partaide guziok. Soldadu israeldarrek aitzineko flotillei eraso egiteko erabili dituzten teknikak esplikatu zizkiguten, eta kasu guzietan, nola jokatu erran ziguten; betiere indarkeria ez areagotzeko helburuarekin.

Apirilaren 15ean atera zineten Bartzelonatik. Aitzineko egunetan jendetza bildu zen babesa emateko. Orduko ze oroitzapen dituzu?

Bartzelonakoa hagitz polita izan zen. Leku aunitzetako jende aunitz etorri zen agurtzera, eta motibazio dosi handia eman ziguten. Izan ere, gure misioa hagitz baldintzatua zegoen jendearen eta medioen babesarekin, horiek gabe, sionisten eskuetan erortzea arriskutsuegia zelako.

Luka Remiro Bartzelonako portuan, abiatu aitzinetik. 

Apirilaren 29an, ordea, Israelgo armadak hainbat ekintzaile bahitu zituen, tartean zu. 

Inork ez genuen espero momentu hartan eta euren kostetatik hain urruti, 1.700 kilometrotara, izanen zenik. Gainera, erabili zuten teknika berria izan zen; kontzentrazio eremu flotatzaile bat itsasontzi militar batean. Inork ez genekien nora gindoazen eta zer gertatuko zen. Lehenbiziko bahiketan ez ziren hain biolentoak izan. Euren etxetik urruti zeuden oraindik, eta helburua flotako buruak eta itsasontzi batzuk, erdiak, ez erabilgarri uztea izan zen. Hala ere, kolpeak, umiliazioak, mehatxuak, loa galarazteak eta sexu abusuak jasan eta postura mingarrietan denbora luzeak pasatu genituen. Lehenbiziko aldian, lasai egonez gero eta kontra aunitzik ez eginez gero, lasai uzten gintuzten. Bigarren aldia, ordea, desberdina izan zen. Hor bai, ez ginen ia inor libratu.

Remiro eskuinean, Open Arms ontzikoek jatekoa eta gasolioa eman zizkietenean.

Libre utzitakoan, batzuk etxera bueltatu ziren, baina bertze batzuek berriz Gazako bidea hartzea erabaki zenuten. Zuk ere bai...

Normala den bezala, jende aunitz etxera bueltatu zen. Niri kosta zitzaidan erabakia hartzea, baina azkenean, beldurrei kontra egin eta, gelditzea erabaki nuen. Ordurako jende aunitz ezagutzen nuen eta lagun handiak nituela sentitzen nuen, eta ezin nituela bakarrik utzi.

Maiatzaren 18an eta 19an –zure kasuan 19an– nazioarteko uretan, berriz tartean sartu ziren Israelgo soldaduak. Zuzenean ikusi genuen nola hartu zuten Elengi zure ontzia. Nola bizi izan zenuen?

Momentu horietan, batez ere hiru emozio sentitu nituen: beldurra, banekielakoz zer heldu zitzaigun bai niri, baita nire lagunei ere; frustrazioa, ezin genuelakoz deus egin egoera aldatzeko; eta haserre pixka bat ere bai, azken orduetan hartu ziren erabaki tekniko batzuekin ez nintzelako ados.

Ondoko egunetan, Israelen esku egon zineten. Tratu txarrak salatu zenituzten. Nolakoak izan ziren egun horiek?

Ordu hagitz luzeak izan ziren IOFren (Israeli Offence Forces) eskuetan pasatu genituenak. Lehenbiziko atxilotu zituztenak azkenak baino 30 bat ordu gehiago egon ziren. 52 belaontzi eta 450 pertsona baino gehiago zituztenez atxilotzeko, luze joan zen eta bahitu guziak bi barku militarretan banatu gintuzten. Barku horiek kontzentrazio eremuak ziren, kontainerrekin muntatuak. Erdian eremu ireki bat, beti bustia, eta inguruan kontainerrak, hutsik, lo egiten saiatzeko. Horietan klase guzietako tratu txarrak izan ziren Asdodeko portura eraman gintuzten bitartean: golpeak, Taser deskargak, heriotza mehatxuak, abusu sexualak, botika falta, txertaketa susmagarriak, istiluen kontrako materialekin egindako deskargak, lo galaraztea, postura mingarrietan egonaldi luzeak... Ondotik, goiz batean, Asdoden immigrazio prozesu luze eta bortitz batetik pasatuta, kartzela batera eraman gintuzten bertze arratsalde eta arrats bat pasatzera. Han ezin izan genuen lorik egin, bueltaka ibili gintuztelako goiti eta beheiti inongo zentzurik gabe. Han ere jende aunitz hagitz gaizki tratatu zuten. Zakurrak erabili zituzten jendea ikaratzeko, golpe gehiago, alikateekin larruazala urratu, oinez burua makurtuta alde batera eta bertzera, belauniko egonaldi luzeak... Hurrengo goizean Ramoneko aireportura eraman gintuzten eta handik Istanbulera. Guk bagenekien ordu edo egun guttitan bukatuko zela dena, baina kontuan izan 10.000 palestinar inguru baldintza horietan baino aunitzez okerragoetan daudela kartzela horietan bahituta, eta ez dakite han egunak, asteak, hilabeteak, urteak edo bizitza osoa pasatuko duten.

Luka Remiro, barkuko kapitaina, nabigatzen.

Zuk ere tratu txarrak jasan zenituen?

Niri umiliazioz aparte, ez zidaten fisikoki behinik behin gauza handirik egin. Ziztada bat sentitu nuen behin eskuan, baina odol analisiak egin dizkidate eta dena ongi atera da.

Euskal Herrira ailegatuta, Loiuko aireportuan ikusitako irudiak ez ditugu atzenduak. Ertzainak oldartu ziren, eta ekintzaileak lurrean herrestan ibili zituzten, baita borrekin kolpeak eman ere...

Loiukoa gogorra izan zen, batez ere, ez genuelako espero. Palestina okupatura joandakoan, bagenekien gutti goiti-beheiti zertara gindoazen, eta mentalki prestatuagoak sentitzen ginen. Baina Loiukoa justu burua lasaitzen hasi zitzaigunean gertatu zen. Hala ere, espero ez bagenuen ere, ez zen harritzekoa izan, ohitu gaituzten jokabideen palmaresari esker. Ez dakit sionismoarekin lotura zuzena izan duen edo Euskal Herriko barne politikarekin... Baina ez zen gertakari kasual bat izan, eta argi dut norbaitek diseinatua izan zela. Lotsagarria izan zen eta espero dut zerbait aldatzeko balio izana.

Flotillak oihartzun mediatiko handia izan du, eta mobilizazio handiak egin dira. Babesa sentitu duzu?

Bai, jendearen babes osoa sentitu dut beti. Badakit inguruko aunitzek nire erabakiekin aunitz sufritu dutela, eta barkamena eskatu nahi diet. Baina, neurri batean, hori ere bazen helburua. Guregatik sufritu duten guzia palestinarrengatik ere sufritu behar da. Haiek libre izan arte, gu ere ez gara libre izanen. Guri egin digutena ez da deus han gertatzen ari denarekin konparatuta. Egun argiz eta munduko kamera guzien aitzinean, ospitaleak, eskolak eta auzoak leherrarazten badituzte, imajinatu zer egin dezaketen kartzeletako iluntasunean, kameretatik aparte, han dituzten 10.000 bahituekin eta «humanoide» kontsideratzen dituzten pertsonekin.  

Remiro itsasontzien kokapenak kontrolatzen.

Maiatzaren 23an bueltatu zinen etxera. Nola sentitu zinen?

Etxera buelta beti da polita, baina gauza aunitz gibelean utzi ditudala sentitzen dut eta ni etxean egon arren, hemen oraindik ez dela deus bukatu. 

Palestinan gertatzen ari dena nola ari zara bizitzen?

Lehen sufritzen nuen, eta orain, oraindik gehiago. Munduan gertatzen diren injustizia guziek odola sutan paratzen didate eta inpotentzia handia sentitzen dut deus aldatzea hain zaila dela ikusita. 

Flotillan bizitakoa kontuan hartuz, zerekin geldituko zinateke?

Ezagutu dudan klase aunitzetako jendea eta elkarlanean aritzeko eta proiektu bat aitzinera ateratzeko izan dugun gaitasuna da gehien hunkitzen nauena. Elkar batzen gaituena kontuan hartuta, eta desberdintzen gaituena bigarren planoan utzita, jendeak duen boterea uste duguna baino aunitzez handiagoa dela uste dut. Hainbat arlotako teknikariak, politikariak, medikuak, komunikatzaileak, argazkilariak, aktibistak, marinelak... Hainbat erlijio, kultura, hizkuntza... Klase guzietako jendea elkarlanean buru-belarri ikustea zoragarria izan da.

Flotillan, bortz ontzitatik pasatu zen Remiro; irudian, La Romantica izenekoa.

Aise solastatzen zara gertatuaz?

Bai. Uste dut gauzak kontatzea eta barrenean ez gordetzea terapia ona dela. Gainera, jendeari gertatutakoa esplikatzea eta Palestinaren aldeko borroka presente mantentzea da misioaren zati garrantzitsuenetako bat.

Luka Remiro Beran. 

Ze erranen zenieke herritarrei?

Euskal Herrian Palestinaren alde egin ditzakegun gauzen artean, bi dira, nire ustez, efektiboenak. Bata sionistekin negozioak egiten dituzten enpresak identifikatzea eta seinalatzea da. Genozidioa egiten ari diren bitartean, jende aunitz dago gure inguruan lasai ederrean sionistekin tratu komertzialak egiten, eta lasai ederrean ibiltzen dira kotxe eleganteak gidatzen, zakurrak paseatzen edo etxeak eraikitzen gure auzoetan. Hori ezin dugu onartu. Palestinarrak lasai bizi arte, horiek ere ezin dira Euskal Herrian lasai bizi, euren diru zikinari esker. Bertzalde, oporretan etortzen diren Israelgo turistek konturatu behar dute ez gaudela eroso euren presentziarekin. Guk ezin dugu Israel kanpotik aldatu, baina bertako jendea konturatzen bada daukaten gobernuak arazoak ekartzen dizkiela munduko bazter guzietan, agian noizbait aldatuko dute duten sistema. Duela aste pare bat, adibidez, Irungo kirol proba batean, soldadu israeldar bat txapeldunorde gelditu zen, eta lasai ederrean atera zuen argazkia podiumean Israelgo banderarekin. Gauza horiek, neure buruan behintzat, ez dira sartzen. 

Zerbait gaineratuko zenuke?

Gora munduko herri zanpatu guziak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun