Palestina

[BIDEOA] Flotillako kideen kontra egin dute ertzainek Loiuko aireportura ailegatu direnean

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 25a

Ongietorria izan behar zuen, baina ez zen hala izan. Larunbatean ailegatu ziren Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarrak Loiuko aireportura Turkiatik, tartean, Hegoa baztandarra eta Luka Remiro beratarra. Ongietorria egitekoa zieten, baina ertzainak oldartu eta kolpatu egin zituzten. 

Bideoa: Gedar.eus

Luka Remiro beratarra, Hegoa baztandarra, Karin, Jotas, Amarga eta Lino Euskal Herriko ekintzaileek Global Sumud Flotillan parte hartu dute. Apiril erditsuan atera ziren Global Sumud Flotillako itsasontziak eta ehunka ekintzaile Bartzelonatik. Apirilaren 29ko arratsean, ordea, ontziak geldiarazi eta ekintzaileak atxilotu zituen Israelgo armadak. Handik bi egunetara utzi zituzten libre eta dena berrantolatuta, berriz ere Gazako bidea hartu zuten Turkiatik.

Baina joan den astean, astelehenean eta asteartean, denak harrapatu eta bahitu zituen Israelek. Ez hori bakarrik. Israelen esku atxilotuak egon ziren tartean, bertzeak bertze, sexu jazarpena, sexu abusuak eta kolpeak salatu zituzten flotillako kideek.

Israelgo soldatuen kolpeak hartu zituzten, eta joan den larunbatean, Loiuko aireportura ailegatu zirenean, ertzainenak ere bai. Dozenaka lagun bildu ziren aireportuan ekintzaileei harrera egiteko. Ailegatu eta argazkiak ateratzen hasi zirenean sortu ziren istiluak. Bideoetan ageri denez, ertzainek ekintzaileak lurrean herrestan ibili zituzten, borrekin joka ibili ziren eta azkenean, lau lagun atxilotu zituzten. Arratsaldean utzi zituzten libre.

Luka Remiro beratarrak honela kontatu zion Berriari gertatutakoa: «72 ordu pasatu ditugu sionisten eskuetan, eta era guztietako torturak egin dizkigute. Bi ekintzaile saihets hezurrak hautsita eta sorbalda lehertuta etorri dira, eta [ertzainek] lehen-lehenik zera egin dute, kolpe gehiago eman. Ospakizuna izan behar zuena kaka zaharra bihurtu dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun