Apiril erditsuan atera ziren Global Sumud Flotillako itsasontziak eta ehunka ekintzaile Bartzelonatik; tartean, Luka Remiro beratarra eta Hegoa baztandarra itsasontzian. Apirilaren 29ko arratsean, ordea, ontziak geldiarazi eta ekintzaileak atxilotu zituen Israelgo armadak; eta horien artean zen beratarra. Handik bi egunetara utzi zituzten libre eta dena berrantolatuta, berriz ere Gazako bidea hartu zuten.
Israelgo armada atzo hasi zen berriz ontziak harrapatzen. Atzo Hegoarena egin zuten –Atlantic Blue itsasontzia–; gaur arratsaldean Lukarena egin dute –Elengi itsasontzia–. Flotillaren bideo bidezko zuzeneko emisioan ikusten den bezala, soldadu armatuak ontzi barrenera sartu dira, eta orduantxe eten dute zuzeneko emisioa.
Gainerakoan, Global Sumud Flotillak ohar bidez jakinarazi duenez, atzo bahitutako ekintzaileak «indarrez Palestina okupatuko portu batera» eramaten ari dira Israelgo armadakoak, eta atxilotuek gose greba hasi dute.
Atzo flotillari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten Elizondon.